Durangaldean 106 lanpostu galtzeko eta 62 komertzio ixteko arriskua ikusten dute

Anboto 2014ko urr. 14a, 11:28

Bilboko komertzioen ordutegia liberalizatzeko asmoak beste eskualdeetan eragingo duela uste dute sindikatuek eta merkatariek.

Durangaldean 106 lanpostu galtzeko eta 62 komertzio ixteko arriskua ikusten dute sindikatuek eta merkatariek. Horretaz ohartarazi zuten atzo, Durangon eginiko prentsaurrekoan. ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuak, Bizkaidendak eta Euskaldendak merkatarien elkarteak, eta EKA zein EKE kontsumitzaileen elkarteak egon ziren bertan.

Eusko Jaurlaritzak aktibitate komertzialaren inguruko legea aldatzeko asmoa duela azaldu zuten, eta horrela Bilboko ordutegia liberalizatuko dutela. Eta hiriburuko merkataritza zabaltzeak gainerako herri eta eskualdeetan eragina edukiko duela uste dute. Prentsaurrekoan adierazi zutenez, Durangaldean aurreikusitako enplegu galera zenbatekoa izango den azaltzen duen txostena egin du Jaurlaritzak.

Sindikatuek, merkatariek eta kontsumitzaileek mozio bat aurkeztu dute Durangaldeko udaletan, kargudunek osoko bilkuretan eztabaidatu dezaten. Tokiko merkataritza babesteko eskaera egin diete, eta Jaurlaritzaren legea aldatzeko proposamenaren kontra egiteko ere bai.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!