Tokikomekin sinatutako akordioagaz "EITBk ahots gehiago izango ditu"

Anboto 2014ko urr. 6a, 09:55

EiTBk eta Tokikom-ek elkarlanerako akordioa sinatu dute. Euskarazko tokiko komunikabideen elkarteak Euskadi Irratiagaz eduki duen elkarlana EiTB osora zabalduko da hitzarmenaren bidez. Horrela, agendak eta materiala elkarbanatzeko pausuak ematen hasiko dira, eta kolaborazioak ere egingo dituzte Tokikomeko kazetariek.

EiTBko zuzendari nagusi Maite Iturbek eta Tokikom-eko presidente Urko Aristik sinatu dute hitzarmena. Bi erakundeen arteko hartuemana zelakoa izango den zehazteko prozesu bat hasiko dute. Kolaborazioak gehitzea ere adostu dute; orain arte Euskadi Irratiko 'Mezularia' saioan parte hartu dute astelehenetan Tokikom elkarteko komunikabideek –tartean 'Anboto'-k. Orain, Maddalen Iriartek gidatzen duen 'Azpimarra' saioan ere parte hartuko dute.

Elkarlanak bi erakundeentzako onurak ekarriko dituela nabarmendu dute Iturbek eta Aristik. Tokikomeko presidentearen berbetan, "EiTBk, zail du bazter guztietara iristea, eta horretan tokikook ezinbesteko laguntza eskaini ahal diogu, eta txikikok handiaren babesa behar dugu egokorrago izan nahi badugu". 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!