Iñaki Peña, medikua: "Dokumentala bizitzari buruzkoa da, dolua bizidunok egiten dugulako"

Anboto 2014ko urr. 6a, 11:00

Maite duzun pertsona bat hiltzerakoan zer? Galdera horri erantzuna bilatzen saiatzea da ‘Aulki hutsak’ dokumentalaren asmoa. Hainbat lagunen bizipenak ardatz hartzen dituen ikus-entzunezkoak dolua du berbagai. Iñaki Peña medikuak bultzatutako proiektua zaldibarren izan zen atzo ikusgai. Urriaren 6an, berriz, Elorrioko Arriola antzokian ikusi ahalko da, Cine Invisible jardunaldiaren barruan.


Zelan jarri zenuen proiektua martxan?
Estreinaldia Elgetan izan zen, joan zen abenduan. Proiektu pertsonala izan da, bizipen pertsonal eta profesionaletatik abiatuta. Bonbilatxoa piztu zitzaidan. Protagonistak jartzeko giza ondarea banuen, baina talde teknikorik ez. Ni medikua naiz, eta ez dut horrelakorik ikasi. Beraz, gidoia idatzi nuen. Ondoren, talde teknikoa Artemanegaz osatu nuen.

Ikus-entzunezkoan beraien bizipenak kontatzen dituzten pertsonen testigantzak azaltzen dira. Zelan aukeratu zenituen?
Nire ibilbide pofesionalean topatutako pertsonak dira, eta, kasu ezberdinak direnez, horrek proiektua aberasten zuela pentsatu nuen. Proposamena egin nien, eta baietza eman zidaten, eta hasieratik izan zuten oso jarrera irekia.

Dokumental honetan heriotzari buruz berba egiten duzue. Heriotza tabua da gure gizartean?
Erabat. Gizartearen aurrerapenak hainbat gai ezkutatzen ditu, eta hauxe da horietako bat. Aurrerapen honegaz ideia faltsu batzuk sortzen dira: esate baterako, uste dugu dena sendatu daitekeela, edo gazteak eta politak izango garela betiko. Horixe da gure gizartea. Alde ez hain polit horiek ikusi gura ez dituen gizarte batean bizi gara. Dena dela, nik beti aipatzen dut dokumental hau heriotzari buruzkoa baino, bizitzari buruzkoa dela, argi eta garbi. Heriotza hor dago, aipatzen dugu, eta abiapuntua da. Baina bizitzari buruzkoa da gehien bat, dolua bizidunok egiten dugulako. Islatzen duguna bizitza bera da. Zelan egokitzen garen egoera hauetara. Zein erreakzio izaten dugun, bizidunokin lotuta betiere. 

“Maite dugun hori hiltzean zer?”. Galdera horri erantzutea posible da?
Erantzunak bilatzen ditugu. Batzuetan gehiago kostatu daiteke. Tuneletik ateratzeari buruz hitz egiten dugu guk.

Hainbat kultur etxetan dokumentala proiektatu, eta berbaldia eman duzu. Nabaritu duzu jendeak gai honi buruz hitz egiteko beharra duela? Hau da, dokumentala aitzakia izan daiteke bakoitzak bere barruan duena ateratzeko?
Pertsona askok aprobetxatzen dute solasaldia beraien bizipen pertsonalak kontatzeko, eta hori izugarria da. Batzuek esaten dute ez daudela ohituta publikoan berba egitera, eta bakarka etortzen dira. Batzuentzat itzelezko katarsia da, eta hor ikusten dute momentua laguntzeko elkarte edo taldeak bilatzeko. Pozgarria da. Ni neu hortik pasatuta nago, seme moduan, eta denoi gustatzen zaigu beste batzuei laguntzea. Nolabait kate bati jarraitzea da. Ekainera arte 25 proiekzio egin ditugu herriz herri.

Medikua zaren aldetik, profesionalen artean gai hauek egoki lantzen direla uste duzu? Gaixoekin eta senitartekoekin hartu-emana duzue.
Oso arlo gutxitan lantzen da. Guk lantzen dugun medikuntzan asko kostatzen da. Zainketa aringarrietako esparruak daude, psikologia arlokoak, adibidez. Zorte kontua izaten da, eta sentsibilizatuta dagoen pertsona bat tokatu ahal zaizu. Baina nik esango nuke gehienek beldur hori partekatzen dutela. Profesionalen artean hori oso errotuta dago.
 
Dokumentala profesionalen artean ere proiektatu duzue.
Abenduan, estreinatu genuenean, bigarren emanaldia Euskadiko zainketa aringarriei buruzko jardunaldian izan zen. Urtero egiten dugu, eta iaz Bilbon eman genuen. Gainera, osasuna euskalduntzeko urteko jardunaldian atal bat heriotzari buruzkoa izan zen, eta han ere ikusgai izan genuen. Hemendik aurrera gehiagotan egongo gara foro espezializatuetan.  

Dokumentalak zabalkunde handia izan du. Non izango zarete aurrerantzean?
Ez dugu baliabiderik alde guztietara joateko, baina hainbat lekutan erakutsi dugu dokumentala. Donostian, udaberrian, Giza Eskubideen Zinemaldian egon ginen, eta Lekeitioko Euskal Zine eta Bideo Bileran ere izena eman dugu. Lan hau euskaraz egiteko apustua egin dugu, azpitituluekin. Esparru erdaldunetan ere harrera ona izan duela esan dezakegu. Zinebin ere izena eman dugu. Atzo, adibidez, Zaldibarren izan ginen, eta, urriaren 6an, Elorrioko Arriolan egongo gara. Eta Durangoko Azokako Irudienean ere egongo gara.

Proiektuak izan duen ibilbidea eta harrera ikusi ostean, zer sentsazio gelditzen zaizu?
Merezi izan du. Topikoa ematen duen arren, horrelako proiektu batek lan handia ematen du. Gainera, ekonomiari dagokionez, oso garai latzak bizi ditugu.  Pertsona amateurrek egin dugu  lan Arteman enpresa txikiagaz, eta ikusi dugu helburuak betetzen ari garela. Udalerri handienetako liburutegietan ikusgai egongo da dokumentala, esaterako Durangon, Abadiñon eta Berrizen, eta hori pozgarria da. Aurrez aurreko harremana ere oso aberasgarria izan da. Izan ere, jendearen bihotzera heltzea gauza handia da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!