Etxea izango dute ardatz Europako Ondarearen Jardunaldietan

Anboto 2014ko urr. 2a, 12:00

Gerediaga Elkarteak eta Urkiola landa garapen elkarteak, Bizkaiko Foru Aldundiagaz batera, Europako Ondarearen Jardunaldiak antolatuko dituzte urrian, Durangaldean. Aurten, etxea hartuko dute ardatz.


Egitaraua Otxandion abiatuko dute, errementarien inguruko erakusketa bategaz. XIX. mendeko etxebizitza bateko logela eta sukalde tipikoa daude erakusketa horretan ikusgai. Altzariak Durangaldekoak dira jatorriz. Gainera, zapatuan, Asier Astigarragak XIX. mendeko Otxandioko bizimodua hitzaldia eskainiko du udaletxean.

Datorren asteburuan, urriaren 11n, Alberto Santanak eta Dolores del Montesek Zaldibarko etxeari buruz jardungo dute. Udaletxean, berriz, baserriari eta euskal etxegintza herrikoiari buruzko erakusketa izango da ikusgai.

Garain, RTVEko Vivir cada día programak 1980an Milikua-Atutxatarren etxean grabatutako El caserío vasco atala proiektatuko dute urriaren 26an. Baserriaren jabe den Lazaro Milikuak aurkeztuko du grabazioa. Bestetik, Dorretxetik baserri-jauregira: etxebizitza gizarte-mailaren ikur bisita gidatua ere antolatuko dute Berrizen eta Garain. Gainera, Berrizen, Jon Ander Ramosek familia etxeen bilakaera hartuko du hizpide urriaren 25ean.

Belen Bengoetxea historialariak Mañariaren historia azalduko du bere etxebizitzen bidez, bisita gidatuan, urriaren 18an.

Elorrioko etxe eta jauregiak
Elorrion, urriaren 18an eta 25ean, etxebizitza hiritarraren historia errepasatuko dute, Arabio, Arespakotxaga, Otsa, Olazabal eta Urkizu-Tola eraikinak bisitatuta. Urriaren 25ean, Iñaki García Caminok Argiñetako nekropoliaren inguruan bertan egindako indusketen berri emango du. Urriaren 29an,  Bilboko Arkeologia Museoan indusketetan berreskuratutako materialak ikusiko dituzte.

Iurretako egitarauari dagokionez, Euskal Herriko sukalde eta mahai gaineko zeramika ontzien inguruan jardungo du Blanca Gómez de Segurak, urriaren 19an. 25ean, ostera, Baserria: Euskal gizartearen ardatza bisita gidatua abiatuko dute Oromiñon. Informazio gehiagorako: 688 613 537 eta ejardunaldiak@gmail.com.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!