Azaroan Bizkaibuseko autobusa Izurtzara eta Mañariara helduko da

Anboto 2014ko ira. 26a, 11:01
Izurtzan Bilborako autobusa hartu ahalko da azarotik aurrera.

Izurtzako eta Mañariko herritarren aspaldiko eskaeretako bat egia bihurtuko da azaroan: Bizkaibuseko autobus zerbitzua bi herrietara ailegatuko da. Zerbitzu hori heltzen ez zen Bizkaiko herri bakarrenetakoak ziren, eta hemendik aurrera zuzenean joan ahalko dute Bilbora. Izan ere, zerbitzua Bilbotik Durangorako linea baten luzapena izango da.

Endika Jaio Mañariko alkateak balorazio positiboa egin du: “Herritarrak eskatu eta eskatu ibili ostean lortu da”. Baina, argi utzi gura izan du garraio zerbitzu duinaren arazoa ez dela guztiz konponduko.

Izan ere, oraindik ez dago argi zein izango den linearen ordutegia. Bizkaiko Foru Aldundiak aste honetan bertan adjudikatu ditu linea berriak, eta enpresek azarora arteko epea daukate zerbitzuak antolatzeko. Aurreproiektuan eguneko sei autobus proposatzen ziren, Bilborantz hiru eta Mañarirantz beste hiru. Asteburuetan, ostera, autobusik ez. “Ordutegia txarra bada, jendeak ez du autobusa erabiliko”, ohartarazi du alkateak. Horregatik, zerbitzua mantendu dadila eta hobetu dadila lortzeko lan egingo dutela esan du alkateak.

Herritarrak “pozik”
Mañariko eta Izurtzako herritarrek “pozik” hartu dute zerbitzu berriaren albistea. Uzuri Unzalu mañariarrak azaldu duenez, urte askoan herritarrek egindako eskaria da hau. “Gazteentzat eta edadetuentzat albiste ona da, beraiek direlako kotxerik eduki ez, eta autobusa hartzeko behar handiena dutenak”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!