Aramaioko rallysprintean podiumera igo da Iban Tarsicio

Anboto 2014ko ira. 23a, 08:22
Iban Tarsicio (eskuman) Iñigo Peñagaz, atzealdean Mitsubishi EVO IXa dutela.

Iban Tarsicio pilotu abadiñarrak eta Iñigo Peña kopilotu atxondarrak hirugarren amaitu dute Aramaioko Rallysprinta. Sailkapen orokorrean bigarren  daude.

 

Euskal Herriko Rallysprint Txapelketako azken aurreko proba (azkena Goierrin izango da, azaroan) lehiatu zuten zapatuan Aramaion. Mitsubishi EVO IXaren barruan hirugarren sailkatu ziren Iban Tarsicio eta Iñigo Peña. Behetik gorako bidea egin zuten. Lehen txandan ez zuten eurena eman; bosgarren tokian amaitu zuten. Oraindino kendu barik zuten oporren osteko erdoila. Bigarren txanda izan zen denetan onena; hirugarren denborarik onena lortu zuten, lehenengoarengandik segundo bira. Hirugarren eta azken txandan tentuz ibiltzea eta podiuma segurtatzea izan zuten buruan: “Oso pozik gaude emaitzagaz, oso arin ibili garenaren sentzazioa geratu zaigu”.

Jonathan Cabo eta Urbano Alonso (Clio Maxi Kit Car) bikoteak irabazi zuen Aramaioko proba eta Martin Villares eta Andoni Blas (Clio Maxi) sailkatu ziren bigarren.

Txapelketa amaitzeko azken probaren faltan, Aingeru Castro eta Angel Castro (laugarren Aramaion) dira sailkapeneko liderrak eta Iban Tarsicio eta Iñigo Peña bigarren daude, baina dagoeneko ezin dituzte liderrak harrapatu.Iaz sailkapeneko hirugarren tokian amaitu zuten. Txapelketa irabazteko aukerak zituzten, baina azken aurreko proban, Eibarren, istripua izan zuten eta aukera denak galdu zituzten.

Behetik gorako bidea

Aramaioko rallysprintean legez, aurtengo txapelketan ere behetik gorako bidea egin dute. Espero baino pattalago aritu ziren aurreneko lasterketetan. Arazoa kotxea ote zen dudak argitzeko eurenaren prestazio berdinak zituen beste bat alokatu zuten, baina “kotxea berdin zihoan eta arazoa ez zela hori ikusi genuen”. Maiatzeko Zornotzako proba, denboraldiko bosgarrena, mugarria izan zen Durangaldeko bikotearentzat. Bigarren amaitu zuten lasterketa bikaina osatuz. Harrezkero, goiko postuetan ibili dira eta denbora hobeak egin dituzte: “Datorren urtean hasieratik orain gabiltzan moduan ibiliz gero, txapelketa irabazteko aukerak izango ditugu”, adierazi du baikor Tarsiciok.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!