Espero baino lau aldiz sinadura gehiago bildu ditu Fracking Ez plataformak

Anboto 2014ko ira. 18a, 09:00

EAEn Fracking-a debekatzea eskatzen duen herri ekimen legegilea bultzatu duten 4166 sinadura bildu ditu Durangaldeko Fracking Ez taldeak.

Durangoko Santana plazan egin zuen Durangaldeko Fracking Ez plataformak agerraldia, atzo. Espero zutena baino lau aldiz sinadura gehigo bildu dituztela, eta sinadura-bilketaren bitartez sentsibilizazioan ere urratsak eman direla azpimarratu zuten: "Frackinga ezagutzen ez zuen jendeak haustura hidraulikoak dakarren arriskua ezagutu" duela, hain zuzen.

Martxotik abuztura arte jardun dira sinadurak biltzen, eta Durango, Zornotza, Mañaria, Izurtza, Abadiño, Atxondo, Berriz, Elorrio, Garai eta Zaldibarko herritarren sostengua lortu dute fracking-aren kontra. "Egindakoagaz pozik gaude, eta lortutakoarekin itxaropentsu", esan zuten.

Sinadura-bilketagaz bat egin duten herritarrei eskerrak eman ostean, udal guztietan frackinga gaitzesteko mozioak aurkezteko unea heldu dela uste dutela ere adierazi dute plataformako kideek. Agintari politikoei eskatu diete frackinga gelditzeko eskura dituzten baliabide politiko, adiministratibo eta juridiko guztiak erabili ditzatela. "Gizarteak hiz egin du; orain, iritzia eta hitza arlo politikora eramango dugu", diote Fracking Ez plataformako kideek.

Herri ekimen legegilea Gasteizko parlamentuan proposatzeko behar ziren baino hiru aldiz sinadura gehiago lortu ditu Fracking Ez plataformak EAEko hiru lurraldetan; 103.589 guztira. Irailaren 13an aurkeztu zituzten legebiltzarrean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!