Auto-stopa egitea: galtzen dabilen garraiorako ohitura

Anboto 2014ko ira. 12a, 09:00

“Atzamarra aterako dugu”, edo “Txominegaz joango gara”. Horiek ziren auto-stop egiterakoan sortzen ziren komentario batzuk. Hamarkada luzetan modu horretan mugitu izan da jende ugari. Aurrezteagatik, parrandatik bueltatzeko aukera eskasagatik, abenturagatik... Arrazoiak hainbat, eta beste hainbeste errepidean atzamarra aterata nonbaitera eroatea eskatzen zutenak. Durangoko Montorreta, Elorrioko Interreko geltokia, Iurretan suhiltzaileak zeuden N-634ko errepidea... Sarritan ilarak sortzen ziren. Egun, ostera, paisaia hori bestelakoa da.

Gaitza da bide bazterrean baten bat auto-stop egiten ikustea. Desagertzear dagoen garraio ohitura da. Baina, zergatik? Erreportaje honetan galdera horri erantzun diote auto-stop egin izan duten edo hurretik ezagutu duten hainbat lagunek. Bestalde, oraindik atzamarra ateratzera ausartzen direnek ere badute esatekorik. Iker Solana abadiñarrak eta Eneko Iraeta zaldibartarrak Italiara egindako bidaia kontatuko dute.

Durangaldetik Italiara, auto-stopeko abentura

Italiarako bidaia abenturazalea egin dute abuztuan Iker Solanak (Abadiño, 1993) eta Eneko Iraetak (Zaldibar, 1993). Kamiseta koloretsuak jantzi, kartelak egiteko papera eta boligrafoa hartu, eta Traña-Matienako ordainlekuan ekin zioten ibilbideari, goizeko 04:00etan. Lehen egunean ahalik eta urrunen joan gura zuten; horregatik ordu arraro horiek. Aurreztea eta jendea ezagutzea zuten helburu.

Ordu bi itxaron ostean, esperantzak zapuzten hasi zitzaizkien, kamioilari batek hartu, eta Hernanira eroan arte. Iraeta: “Gero, bikote euskaldun batek hartu, eta Lyoneraino joan ginen, 700 kolimetroan. Hor ikusi genuen posible zela. Erremintarik onena pazientzia da”. Lyonen trena hartu zuten hiri barrutik irteteko. “Eman dezake hobeto dela, baina ez. Hobe da baserri bide bat eta lau kotxe pasatzea”, Iraetaren arabera. Grenobletik jarraitu zuten, eta Alpeen magaleko herri txiki batera heldu ziren gauerako. Izan ere, mendian pasa gura zituzten egun batzuk. Eta Italiara sartzeko eduki zituzten arazo gehien; Solanak dio ez zuela ematen jendeak ohitura handirik duenik. “Auto-stopik ez egiteko esan ziguten leku bakarra izan zen: haserre etorri zitzaigun gizon bat”.

Etxerako buelta ere auto-stop eginda egin zuten. “09:00etan egon ginen San Remon, eta 23:00etarako Landetan geunden. Leku bakoitzean 5-10 minutu egiten genituen geldirik”.

Anekdota ugari ekarri dituzte handik. Gazte bik furgoneta zahar batean hartu zituzten, eta bateria txarto zeukatela abisu eman zieten. Solanak kontatu du bide izkinan geratu zirela, ez atzera, ez aurrera. “Orduan, eurak ere hasi ziren auto-stop egiten, bateria bat erosten joateko”.

“Beldurraren gizartea”
“Zergatik bajatu den garraio ohitura hori?”. Solanak aldaketak ikusten ditu: “Gaur egun ia jende guztiak dauka autoan joateko aukera. Gainera, lehengo errepideak, herriz herri, askoz hobe zeuden auto-stop egiteko”. Iraeta Gizarte Hezkuntzako ikaslea da, eta “beldurraren gizartea” aipatu du: “Beldurra botereak bultzatzen du, eta, horren bidez, kontrolatu egiten gaitu”. Ez hori bakarrik: “Gizarte indibidualista batean gaude, eta jendeak ez dauka laguntzeko borondate hori”.

 

Bizipenak

LOHITZUN URIONDO ETA LANDER RAYA

(Beharginak, Durango)

 

Gaztetan sarri egiten zenuten auto-stopa. Zelako anekdotak dauzkazue?
L.U.: Behin Txus Jaiok hartu gintuen, rallyetan ibiltzen den gidariak. Erletxetik Mungiara eroan gintuen, Ibilaldi batera. Beste batean, Bergarara txomin eginez joan nintzen, bakarrik, eta heltzean kuadrillakoekin barik hartu nindutenekin egin nuen parranda. Deigarri izateko, globo pilo bategaz ere eginda nago. Gasteiztik bueltan, banatzaile batek hartu gintuen, eta esan zigun: hor dauzkazue pastelak, hartu gura duzuena!
L.R.: Egunkari banatzaileagaz ere bai. Parrandan, Gasteizera, Iruñera... Sanferminetan zapia jantzi, eta atoan hartzen zaituzte! Atzamarra atera beharrik ere ez ia.
Parrandaz aparte astegunetan ere egiten zen.
L.U.: Hemen normalena Elorriora edo Abadiñora joatea zen. Baina lanera ere joan izan gara, edo mendira.
L.R.: Institutukoak txomin eginda joaten ziren Elorriora. Guk hondartzara joateko egin izan dugu. Uda honetan ere egin dut, oporretan, Grezian; arraroa zen, atzamarra beherantz ateratzen dute eta.

Zergatik bajatu da?
L.U.: Arazo handiena da lehen txomin egiten zuen jende askok orain ez duela inor hartzen. Gero, kaleko zurrumurru asko ere sortu dira.
L.R.: Gaur egun partekatzeko aukerak daude Interneten, baina txomin egiteak dauka xarma, abentura da!

 

ITSASO BASAURI (Irakaslea, Elorrio)

Auto-stop egileak hartzen dituzu. Zergatik?
Nik egin izan dudanean hartu nautelako. Ez da ezer ere kostatzen. Gainera, hobeto da bidaia baten bategaz egitea, berbeta ematen du eta. Normalean jende jatorra hartu izan dut. Esperientzia txarren bat ere bai, baina gehienetan gustura joan izan naiz. Duela urte pilo bat gizon batek hartu ninduen, eta mendi irteera batean ezagutu ninduen gero!

Zergatik jaitsi da ohitura?
Dena dabil aldatzen, eta orain bakoitzak bere autoa dauka. Indibidualago jokatzen du jendeak. Bakarrik joatera ohitu gara, eta kultura hori galtzen dabil.

 

FELIX URIZARBARRENA (Kamioilaria, Berriz)

Hartzen al duzu jendea?
Gaztetan atzamarra asko ateratakoa naiz. Berandutzean, goizaldean... Baina kamioiagaz ez dut jenderik hartu, beharrekoa beste gauza bat da. Behin ingeles bi hartu nituen Donostian, baina osterantzean ez.

Zer aldatu da auto-stop egile kopurua bajatzeko?
Gurasook, lehen arriskutsuak ginenok, seme-alabak gehiago babesten ditugu. Taxirako dirua ematen diezu, zu bila joan behar ez izateko. Gainera, gaur egun edozeinek dauka autoa. Lehenago, batez ere parrandarako izaten zen atzamarra. Nire ustez, auto-stopa desagertu egingo da.

 

AITOR BALIER (Autoeskolako irakaslea, Iurreta)

Legala al da auto-stopa?
Autobidean ezin da oinezkorik ibili. Han sartu orduko egin ahal duzu, baina ordainleku inguruan-eta debekatuta dago. Bide nazionaletan egin ahal da, baita jaso ere.

Jaitsiera igarriko zenuen.
Lehenago, jaietara joateko askotan egiten zen. Adibidez, Elorrioko jaiak direla-eta, Montorretan ilara bat egoten zen. Orain autobusak daude, eta errefortzuak ipintzen dituzte. Aukera gehiago dago garraio publikoagaz. Nik uste dut mesfidantza ere badela. Gauza asko entzun dira telebistan, hau desagertu dela, honi hau egin diotela... Auto-stopa asko bajatu da; %80 inguru esango nuke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!