Gizarte larrialdietarako 105.000 euro gehiago banatuko ditu Amankomunazgoak

Anboto 2014ko ira. 10a, 09:50

Durangaldeko Amankomunazgoak prentsa oharrean jakinarazi duenez, gizarte larrialdietarako laguntzei aurre egiteko 105.000 euro onartu berri ditu: “Aurten, gainontzeko urteetan bezala, arauak bete dituzten eskaerak onartu dira, eta, beraz, laguntza eman zaie”.


Eusko Jaurlaritzak baliabiderik gabe dauden herritarren artean banatzeko 406.018 euroko diru atala utzi du Amankomunazgoaren esku, iaz baino %16 gehiago. Izan ere, Amankomunazgoaren gizarte zerbitzuek hamar herritan kudeatzen dituzte laguntza horiek: Abadiñon, Atxondon, Durangon, Elorrion, Garain, Iurretan, Izurtzan, Mañarian, Otxandion eta Zaldibarren.

Laguntzen aurrekontuaren %69 bideratu dute urtearen lehen sei hileetan. “Hori dela-eta, Amankomunazgoak egoki ikusi du diru kopuru hori gehitzea, laguntza behar duenari emateko”.

Amankomunazgoko ordezkariek azaldu dutenez, 105.000 euro gehiago onartuko dituzte irailean, eta kopuru hori soberakinetik bideratuko dute. Guztira, aurten 511.014,43 euro banatuko dituzte. Iaz Amankomunazgoak 451.550,30 euroko aurrekontua izan zuela kontuan hartuta, aurten iaz baino %13,17 gehiago izango du diru-
laguntzetan banatzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!