Gaur hasiko dute Cafes Baqué promesen pilota txapelketa

Anboto 2014ko ira. 9a, 11:17
Iaz Cafés Baqué txapelketako finala jokatu zuten pilotarien irudia

Lehen jardunaldia Galdakaon jokatuko dute kadeteetan. Durangaldeko pilotari bi egongo dira lehian: Mikel Goiria zornotzarra eta Gontzal Azkarraga elorriarra.

 

Aurten 29. aldia egingo du Cafés Baqué Promesen Pilota Txapelketak. Kadeteetan eta gazteetan jokatuko dute buruz buru: Maila bakoitzean 16 pilotari ariko dira. Iaz hasitako bideari jarraituz, Bizkaiko pilotariek bakarrik parte hartuko dute. Tartean Durangaldeko zortzi ordezkari daude: Mikel Goiria (Zornotza), Estefen Lizundia (Zornotza), Paul Sagasta (Elorrio), Gontzal Azkarraga (Elorrio) eta Daniel Rodriguez (Atxondo) kadeteetan eta Edu de Zabala (Durango), Ekaitz Andueza (Iurreta) eta Eric Lizundia (Zornotza) gazteetan.  Pilotari denak maila bakoitzeko lau multzotan banatuta daude. Txapelketa kanporaketa bidez jokatuko da, eskailera formatuan. Durangaldeko zortzi ordezkarietan Daniel Rodríguez atxondarra da multzoburu bakarra.

Finalak urriaren 10ean jokatuko dituzte Durangoko pilotalekuan. Txapelketa sei jardunaldik, finalerdiek eta finalak osatzen dute. Gaurko lehen jardunaldia Galdakaon jokatuko da eta irailaren 11ko bigarrena Iurretako Olaburun. Zornotzan ere jokatuko da jardunaldi bat irailaren 18an.

Galdakaoko gaurko partiduak 19:00etan hasiko dira. Kadete mailako lau partidu jokatuko dira. Lehenengoan Mikel Goiriak Galdakaoko Karregal izango du kontrario; ondoren Gontzal Azkarragak Sestaoko Perezen kontra jokatuko du. Hauek dira gainerako partidu biak: Ibarloza (Markina) De La Torreren (Ortuella) aurka eta Kamiruaga (Sopela) Iriondoren (Orozko) kontra.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!