Durangaldeko hainbat lagun, boluntario Munduko Txapelketan

Anboto 2014ko ira. 4a, 10:33

Gaur amaituko da Munduko Saskibaloi Txapelketako lehenengo fasea Barakaldoko BECen; 300 boluntario, tartean Durangaldekoak, gogor aritu dira lanean azken aste bietan, dena ondo irten zedin.

 

Azken bi asteotan C multzoko partiduak jokatu dira Barakaldoko (Bizkaia) BEC erakustazokan. Maila horretako txapelketak antolaketa lan handia eskatzen du, eta, profesionalez gainera, 300 boluntario ibili dira laguntzen, horietako hainbat Durangaldekoak.

Boluntarioetako bat Inaxio Mendibe da, Tabirako Baque taldeko presidenteordea. Boluntarioek askotariko eginkizunetan jardun dute: estatistikak jasotzen, aldageletako materialen arduradun, eta kantxan sortzen diren beharrizanak asetzen, adibidez. Mendibe aldageletako zereginetan ibili da, eta hurretik ikusi ditu talde guztietako jokalariak: “Gure lana jokalariei behar zuten guztian laguntzea izan da. Lehenengo, aldageletan ezer ez dadila falta bermatzen ibili gara: toallak, ur beroa…” Ondoren, autobusetatik jaisten direnetik kantxaratzen diren arte jokalarien inguruan ibiltzen izan dira, unean uneko eskakizunei aurre egiteko: “Jokalariak une oro eroso sentitzea izan da gure lana”.

AEBetako jokalariek erakarri dute arreta handiena zaleen zein boluntarioen artean. Jokalariak bertatik bertara ikusteko zortea izan dute, baina, oro har, hartu-emanik gabe: “Jokalariak ez genitzala deseroso sentiarazi eskatu ziguten. Han gauden guztiok jokalariei argazki edo autografo bana eskatzen hasiz gero, hori zoramena!”. Hala ere, hainbeste izarren artean ez da erraza tentazioari eustea. Esaterako, ondoko argazkian Iñaki Bidarte durangarra Dominikar Errepublikako Jack Martinez jokalariarekin ageri da.

Bilbon txapelketako sei talde aritu dira lehian, eta finlandiarrek ipinitako giroa azpimarratu du Mendibek: “Barakaldo Hiria elkargunea guztiz bete dute. Batzuek galdetu didate ea Mungian (Bizkaia) txapelketako partidurik jokatuko zen, finlandiar asko ikusi zituztelako bertan. Turismoa egiteko aprobetxatuko zuten seguruenik. Kantxan ipini duten giroa ikusgarria izan da”. Zapatuan, Athleticek San Mamesen jokatutako partiduan ere finlandiar asko izan ziren.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!