Trenbide zaharra eta garajeak kentzen hasiko dira aurten

Anboto 2014ko ira. 3a, 10:09

Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Politikarako sailburuak eman du berria. Urtea amaitu aurretik hasiko dira kentzen trenbide zaharra, baita trenen Durangoko tailerra eta garajeak ere. 2012ko abendutik trena lurpetik doa, eta funtzio bako azpiegitura kenduta, espazio hori libre geratuko da Iurretako Santa Apoloniatik Traña-Matienara. Gainera, Durangoko herrigunea batu egingo da.

Eusko Jaurlaritzak lehiaketara atera du obra, eta udal arduradunek uste dute aurten hasiko direla lanean. Trenbidea eta elektrizitate sarea kentzeak milioi bat euroko gastua dakar, eta bost hil dituzte amaitzeko. Tailerra eta garajeak botatzeko 550.000 euroko aurrekontua dute; hiru hilean gauzatuko da.

Garajeak kenduta, Durango Operazioa aurrera doa. Baina egitasmoa aldatu egin da hasierako planetik. 62.000 metro karratuko eremuan luxuzko bost etxe dorre, Eusko Trenbide Sarearen egoitza berria, eliza bat eta aisialdirako gunea aurreikusi zituzten. 2010ean ETSren egoitza ez egitea erabaki zen, eta etxeak egingo diren ere ez dago argi, krisiarengatik. Eliza ere ez da egingo, udalbatzak hori erabaki zuelako iaz. Aisialdi gunerako 37.000 metro karratu daude, eta skate gunea, anfiteatroa eta parkea –Bildu eta Aralarren proposamenak– barneratu dira proiektuan.

Bestalde, udalak ikasleen iritzia batu zuen geltokitik Landakorainoko trenbidean zer egin aztertzeko, eta parke lineal bat  egitea proposatu zuten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!