Bihotzeko ebakuntzaren ostean okerrera egin du Mohamed saharaui gaztearen osasun egoerak

Anboto 2014ko abu. 29a, 12:49

Rio de Oro egitasmoaren bidez, Tindufeko kanpamenduan bizi diren eta urritasunen bat duten10 gaztek Durangaldean eman dituzte hile bi. Horietako bati, sei urteko Mohamed Yahya-ri, bihotzeko gaixotasun bat tratatzeko ebakuntza egin zioten orain hamar egun Gurutzetan. Egitasmoko kideen esanetan atzo “okerrera” egin zuen bere egoerak infekzio baten ondorioz.

 

Rio de Oro egitasmoko sustatzaileetako bat den Mikel del Arcoren esanetan “atzo une  kritikoak” igaro zituzten: “Orain apur bat hobeto dago, baina egoera kritikoan darrai”. Ebakuntzaren ostean sortu zitzaion infekzio bat izan da Mohameden egoerak txarrera egitearen arrazoia.

Egitasmoko sustatzaileek hastag bat sortu dute twitterren: #FuerzaYahya. Helbide horren helburua ez da Mohameden osasun egoeraren berri ematea, Tindufeko kanpamenduetan bizi direnek dituzten “eskubide faltak” salatzea baino: “Gazte hau europarra balitz, jaio eta berehala diagnostikatuko zioten bihotzeko arazo hori eta sei hileren barruan egingo zioten ebakuntza. Mohamedek sei urte itxaron behar izan ditu”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!