Legebiltzarrean agerraldia eskatu dute Durango-Gasteiz lineako hainbat udalerrik

Anboto 2014ko uzt. 24a, 09:38

Durango eta Gasteiz lotzen duen autobus linearen "funtzionamendu eskasa" ezagutarazi eta Euskadiko Garraio Agintaritzaren inplikazioa eskatzeko izango da agerraldia. Abadiño, Izurtza, Mañaria, Otxandio eta Legutioko udalek bat egin dute eskaria egiteko, eta alkateek eta erabiltzaileek parte hartuko lukete agerraldian. Durangoko Udalak ez du eskaeragaz bat egin.

 

Arabako Foru Aldundiak kudeatzen duen linea bat izanda, lineako herri gehienak Bizkaikoak direla gogorarazi dute, eta horregatik, administrazioen arteko koordinazio lana egiteko, eskatuko dute Garraio Agintaritzak esku-hartzea: "Azken finean, edozein izanik garraio publikoa kudeatzen duen instituzioak, herritarrek garraio publiko duina eta eraginkorra jasotzeko duten eskubidea bermatu behar da".

Ziurrenik agerraldia irailean izango da, garraio gaiak lantzen duen, ingurumen eta lurralde politikako batzordean. Agerraldiaren asmoa da Arabako Foru Aldundiak linea horren esleipena egin baino lehen, alkateen eta erabiltzaileen iritzia entzunarazi ahal izatea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!