La Oka dendetan jazarpena dagoela salatu du CNTk

Anboto 2014ko uzt. 17a, 13:35

CNT zentral anarkosindikalista mobilizatu egin zen joan zen zapatuan, Durangoko La Oka dendaren aurrean. Ataco enpresak daukan delicatessen kate bat da La Oka, eta bertan beharginekiko jazarpena dagoela salatu du sindikatuak.

 

Gainera, Lan Harremanen Kontseiluak CNTko afiliatuen izenak “modu ilegalean” filtratu zituela ohartarazi du, eta orduz geroztik jazarpena handitu egin dela. Kide horiek defendatzeko dauzkaten “baliabide guztiak” erabiliko dituztela azaldu dute: “Ez dugu onartuko enpresak gure kideei neurri diskriminatzailerik ezartzea”.

Langileak emakumeak dira, eta, CNTren ustez, euren kontra dabil enpresa. Gainera, dirua epaiketetan gastatzen ibiltzea egotzi dio sindikatuak enpresari: “Okerreko estrategia baten barruan, epaiketetan gastatzen dituzte bitartekoak, eta helburu bakarra dute: emakume langileei lanaren eta familiaren arteko uztarketa oztopatzea”.

Zentral anarkosindikalistak adierazi du, protesten eraginez, beharginen eskaerak betetzen dabilela enpresa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!