Bildu: “Orain, EAJri interesatzen zaionean, euretaz fidatu behar dugu?”

Anboto 2014ko uzt. 16a, 16:27

EAJk Bildu kritikatu zuen joan zen astean, Amankomunazgoan turismo arloko eskumena hartzearen aurrean proposamenik ez ei duelako.  Horri erantzuteko prentsaurrekoa eman du Bilduk Zaldibarren.

 

EAJren kritika

Duela hiru urte Amankomunazgoko agintea hartzean gertatutakoa gogoratu dute: “Lehendakaritza lortzeko tranpak erabili zituzten”. Hauteskundeetan Bildu izan zen garaile 13 ordezkarigaz, eta EAJk 11 lortu zituen. Baina Abadiñoko Independenteek jeltzaleei eman zizkieten eurek lortutako aulki biak. Geroztik, PSE-EEren ordezkari bakarragaz batera gobernatu du EAJk. Bilduk ez daki zein den EAJren turismo plan zehatza: “Orain, EAJri interesatzen zaionean, euretaz fidatu behar dugu?”, adierazi dute koaliziokoek.

Bilduk kontatu du, Espainiako erreforma bategatik, mankomunitateek estatutuak aldatu behar zituztela urtarriletik ekainera desagertu gura ez bazuten. Ekainean, Bizkaiko Foru Aldundiak arau bat sortu zuen aldaketak ez behartzeko. Baina EAJgaz arau hori baino egun bi beranduago batzartu ziren; beraz, berandu eta presaka ibiltzea egotzi die jeltzaleei. Bilduren ustez hausnarketa egitea beharrezkoa da, “prisa barik eta patxadaz”. Gainera, orain arte mankomunitate lez ikuspegirik ez dutela eduki uste dute, eta Elorrioko igerilekuak adibide lez ipini dituzte.

Turismoa lantzekotan, Urkiola Landa Garapenetik egitea hobesten du Bilduk, estatutuetan aukera jasotzen du eta. Herri txikien eta handien arteko interes talka ere azaleratu du Bilduk: “Durangok eta Elorriok garatu dute turismoa, eta eurek dute interes gehien”.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!