“Bilduk ez du proposamenik egiteko asmorik”

Anboto 2014ko uzt. 10a, 09:36

EAJk prentsaurrekoa eman du Bilduri kritika gogorra egiteko. Turismo arloa Amankomunazgoak bere gain hartzea proposatu dute jeltzaleek, baina ideia momentuz ez doa aurrera. Bilduri trabak ipintzea leporatu diote, eta horretarako motiboa hemendik urtebetera izango diren hauteskundeak direla uste dute.

Amankomunazgoko gobernuan daude jeltzaleak –PSE-EE eta Abadiñoko Independenteen babesagaz–, eta Bildugaz eduki duten polemika bat azaleratu dute. Batzorde berezi bat sortu dute eskualdeak eskumen berri bi hartzeko, Berdintasuna eta Turismoa, hain zuzen ere. Antza denez, lehenengo arloan adostasuna dago, baina bigarrenean ez. EAJren proposamena, Durangaldeko Turismo arloa Behargintzatik gestionatzea da. Momentuz hori ez doa aurrera, eta Bilduri trabak ipintzea leporatu diote. Argi egin zuen berba Goiztidi Diazek: “Bilduk ez du asmorik proposamenik egiteko”.

Diazek esan du, Bilduk euren proposamen bat aurkeztea eskatu ziela. Gero, eskumenen ibilbidea “prisa barik” egitea eskatu ei zutela. EAJren ustez, “trankil bai, baina kaxoi batean geratu barik” egin beharrekoa da. Horrez gainera, Bilduko ordezkariek esan omen diete euregaz ezetz, beste norbaitekin batzartu beharko dutela. Gaitasun falta egotzie die EAJk: “Adarjotze bat da. Beste batzuk izan behar badira hizketalariak, non dago Bilduren zentzua? ”.

EAJk garrantzi handia eman dio turismoari, eskualdean izan ahal duen eraginagatik. Amankomunazgoko presidente Oskar Zarrabeitiaren ustez, “turismo arloan nola edo hala zeozer egin behar da”. Ana Otaduik nabarmendu du Jaurlaritzatik eskualdeak indartzen direla, eta horregatik beharrezkoa dela  turismo erakunde bat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!