Neskutz Rodriguez (Podemos-Ahal Dugu): "Sofatik altxatu, eta norberak zer edo zer egin dezake gauzak aldatzeko"

Anboto 2014ko uzt. 4a, 11:40
Europako Parlamenturako hauteskundeei begira jaio zen Podemos-Ahal Duguk bideari ekin dio Durangaldean. Maiatzaren 25eko hauteskundeetan 1.625 boto jaso zituen eskualdean. Neskutz Rodríguez durangarrak Pablo Iglesiasen alderdian dihardu. Udal hauteskundeetara aurkeztuko ote dira? Oraindik ez dute erabakirik hartu.



Zer da Podemos-Ahal Dugu?
Jende arrunta politika egiten. Horixe da Podemos-Ahal Dugu. Sofatik altxatu, eta norberak zer edo zer egin dezake gauzak aldatzeko. Gurean oso garrantzitsua da ingurukoei zer garen azaldu, eta parte-hartzea bultzatzea.

Podemosek Europako hauteskundeetan izan duen arrakasta espero zenuten?
Nik neuk ez. Porra bat egin genuen hauteskundeen aurretik, eta bizpahiru ordezkari espero nituen asko jota. Bost eskuratu ditugu, eta sorpresa handia izan da denontzat.

Emaitzen balorazioa egingo zenuten dagoeneko. Zergatik uste duzu izan duela alderdi sortu berri batek horren harrera ona?
Jendea itzartu egin da. Kontua ez da bakarrik beste alderdi batzuetako jendea etorri izana. Abstentziotik ere botoak etorri zaizkigula esango nuke. Jendea nazkatuta dago politikagintzan gertatzen ari diren ustelkeria kasuekin. Beste herritar batzuek, aldiz, ez zuten inolako alternatibarik ikusten, eta beste alderdi batzuetatik etorri dira.

Zelan erabaki zenuen mugimendu honetan parte hartzea?
Ez naiz sekula politikagintzan jardun. Iaz bihotzeko ebakuntza bat egin zidaten, eta hainbat arazo izan nituen. Bigarrenez ospitalean nengoela pentsatu nuen osasun publikorik ez balitz egongo, ez nintzatekeela han egongo. Dena pribatizatzen dabiltza, eta hori ezin daitekeela izan pentsatu nuen.

Bizkai mailan zelan sortu zen zuen alderdia?
Podemos urtarrilean sortu zen, baina Bilbon martxoan aurkezpen bat izango zela entzun nuen kasualitatez. Joan egin nintzen, eta izena eman nuen. Lau talde sortu ziren: Uribe Kosta, Ezker Meatzaldea, Bilbo eta Ibaizabal. Batez ere hauteskundeetarako koordinatzen hasi ginen. Lan oso gogorra izan zen, diru oso gutxi geneukalako. Kartelak egin, eta lau mitin eta hainbat hitzaldi eskaini genituen.

Durangaldean taldea sortzen diharduzue. Zelan diharduzue lehenengo urratsak ematen?
Hasiera gogorra da, oraindik ez dugulako antolaketa finkorik. Ekainaren 13an aurkezpena egin genuen Durangon. Joan zen eguenean bigarren batzarra egin genuen, eta 30 lagun inguru batu ginen. Lantaldeak sortu ditugu dagoeneko. Alde batetik, dinamizazio taldea dugu, gizarte mugimenduekin hartu-emanetan jarri, eta zer beharrizan ikusten dituzten ezagutzeko.  Komunikazio taldea ere badugu, hedabideen arloan lan egiteko. Gainera, finantza taldea ere sortu dugu. Dena dela, ekainaren 14an estatu osoko taldeok batzarra izan genuen Madrilen, eta taldea zelan dinamizatu jakiteko pausoak azaldu zizkiguten. Erreminta batzuk eman zizkiguten taldea antolatzeko. Beraz, taldea subiranoa da, baina denon artean ere gauzak egin gura ditugu. Hurrengo batzarra uztailaren 9an izango da, liburutegiaren ondoko plazan.

Proiektuak zelako harrera izan du Durangaldean?
Jendea ilusioz etorri da. Beste batzuk, berriz, zalantza askogaz. 60 lagun inguru etorri ziren aurkezpenera, eta 32 inguru geratu ginen osteko eztabidan. Hasieratik hasi ginen lanean. Eztabaida sortu, eta denon artean irtenbideak bilatzea da gure helburua.
 
Udal hauteskundeak izango ditugu datorren urtean. Aurkezteko asmorik baduzue?
Oraindik ez dakigu. Hori talde bakoitzak erabaki beharko du.

Durangaldeko politikagintzari zer deritzozu?
Nik Durangoko kasua ezagutzen dut. EAJ agintean dago 30 urte-edo. Ez ditu gauzak ondo egiten. Montevideo etorbidean obrak egin eta gero, berriro zabaldu zuen kalea, beste obra bat egiteko. Horrelakoetan ez da jakiten zertan joaten den dirua. Hiltegian bizi naiz, eta han behin-behineko kontainer bat dugu orain urte bitik. Hala ere, zergak berdin-berdin kobratzen dizkigute. Eta beste auzo batzuetan ere gertatzen dira horrelako gauzak.

Zeintzuk dira zuen helburuak?
Momentuz, antolatzea. Horixe da gure lehentasuna. Gizarte mugimenduekin batu gura dugu, zer hobetu daitekeen eta zer egin daitekeen jakiteko.

Podemosen inguruan hainbat albiste entzuten ari gara. Chavismoagaz ere lotu dute. Zelan hartzen dituzue kritika horiek?
Erdaraz esaten den moduan, Ladran, luego cabalgamos. Harrituta gaude gure kontrako hainbeste kritikagaz. Bost europarlamentari lortu ditugu, baina lehenengoak hamasei. Oraindik alde handia dago. Venezuelarekin lotutako albisteen inguruan komunikatu bat kaleratu genuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!