Heteroarautik irten, eta sexualitatea era askean bizitzeko esperientziak

Anboto 2014ko eka. 27a, 10:57
Lesbiana, Gay, Transexual, Queer eta Bisexualen Nazioarteko Eguna da bihar, ekainak 28. Kolektibo horretako kideen eskubideak eta aldarrikapenak kaleratzeko hitzordua izaten da, eta aurten ere horrela egingo dute Bilbon, 20:00etan, Moyua plazan hasiko den manifestazioan. Durangaldean ere ekintza ugari egingo dituzte aste honetan EHGAMek eta zenbait udalek, erakusketak eta bideoforumak, adibidez. Baina, egun horretako zurrunbilotik harago, eguneroko bizipenetan murgildu gura izan du ANBOTOk.


Arauak, sinesmenak, moralak... Hainbat faktoreren eraginez, oraindik ere, heterosexualitatea da bakarrik normaltzat hartzen dena, gizonaren eta emakumearen artekoa. Euren arteko sexu harremanak, erreprodukzioagaz lotutako praktika, bizi eredua... Baina heteroarau horretatik irteten den jendea badago.


Sentsazioa eta hausnarketa
Jarraian agertzen diren herritarrek prozesu hori zelakoa izan zen kontatu dute, eta sortutako sentsazioak gogoratu dituzte. Gainera, gaur egun egoera zelan ikusten duten ere hausnartu dute. Azken urteetan normalizaziorako  pausoak eman eta eboluzio bat egon arren, bistakoa da, eurek diotenez, egoera hobetzeko lan egin beharra dagoela.


Sailkapen edo etiketen gainetik, sexualitatea bizitzeko moduaren inguruko eztabaida kalean dago; Bilgune Feministak ere lanketa horretan dihardu, adibidez.

 

Mireia Delgado - Durango, irakaslea

Arautik irteteko prozesua? Zelako galdera zaila. Arautik ateratzea zaila da, dena dago hain loturik beste norabide bat hartzeko... Baina interesgarria litzateke araua %100ean nork betetzen duen galdetzea. Niretzat ikaskuntza ikaragarria izan da hau gazte-gaztea nintzenetik.
Jaiotzen garen mundua, hererosexualaz gain, heterosexualizatzailea da. Desio eta praktika heterosexualak barneratzeko trikimailuz beteta dago. Perfumeen iragarkiak, adibidez, horren isla dira. Gure desio sekretuenak ere faktoria berean sortu ziren!
Bilgune Feministatik gaiari dimentsio politikoa eman gura diogu. Ez dira arlo pribatuko gauzak, sistema egituratzen dute. Praktika lesbianoaz harago doa, noski. Nahiko genuke jendea konturatzea bere burua, praktikak eta desioak testuinguru baten araberakoak direla, eta denok daukagu aldatzeko gaitasuna. Haritik tira, eta gozatu!

 

Isaak Erdoiza - Abadiño, dantzaria

25 urte bete arte ezkutuan eduki nuen. 14-15 urtegaz jolasean hasten zarela-eta, konturatzen zara nondik nora doan kontua. Matienan bizi nintzen, eta kasu bakarra ezagutzen nuen, mutil batena. Bere berri izan nuen pintada bat agertu zelako horma batean, “Marikoiak kanpora”, eta bere izena alboan. Nire lehenengo sustoa izan zen. 25 urte betetzean, burua lehertzear neukan, eta kanpora joatea erabaki nuen. Gezur handi bat eraikita neukan hemen. Zortzi hilabete egon nintzen Italian, eta askatu egin nintzen. Lehen momentutik jendeagaz zintzo jokatzea etxeko lan lez hartu nuen. Hona etortzean hasi zen nire benetako bidaia.
Asko lagundu dit, borroka politikoa egin ez arren, ezer ezkutatzen ez duen jendea ikusteak. Matienan bizitzean zenbat eskertuko nukeen baten bat egunkarian agertu izana homosexuala zela esaten.

 

Joseba Azkarraga - Abadiño, soziologoa

Durangoko San Frantzisko kaleko pisu hartan sei neska-mutil bildu, eta iraultzatxoa abiatzea erabaki genuen 1990eko hamarraldi aztoratuan. Halaxe hasi zen EHGAM-Durangaldea. Men egin edo ingurune naturaletik ospa egin beharrean, herrian geratu, antolatu, eta bertakoa moldatzen saiatu. Ateneoko txosna gogoangarria Elorrion, gutunak Erazera, elkarretaratzeak 28an...
Esker ona geratu zait. Aitortza, maitasuna eta onespen aktiboa ezagutu ditut familian, lagunartean, kaleko giroan, udalerrian, bikotekidearen sendian, euskal herrietan. Ez da gutxiestekoa herri honek sexu askatasunaren alorrean agertu duen malgutasun kulturala, adeitasuna, onespena. Denona da garaipena, kontu transbertsal horietakoa da. Ez, bidea ez da amaitu, ez da hori. Baina egizu keinu zakar bat, eta euskal herrietan bost aterako zaizkizu kontrako norabidean.

 

Judit Fernandez - Zaldibar, argazkilaria

Markatutako bidea jarraitzea baino, beste bidea mila bider gehiago desio nuela konturatu nintzen, izan behar zaren eta benetan nahi duzunaren arteko gatazka horretan. Bi horien arteko distantzia esanguratsua izan arren, norberak markatu behar ditu erritmoak, eta ematen den egoera baloratu. Familia, lagun edo ezezagunengana jotzeko formula desberdinak erabili arren, azkenean konturatzen zara pausoa ematea dela garrantzizkoena. Nik zeukana baino garrantzi handiagoa eman nion.
Beste era bateko harremanak izateak bizitzan beste jarrera bat izatera bultzatzen zaitu, eta denboragaz ematen dizun askatasun sentsazioa polita da, dibertigarria oso.
Heteroarauetatik kanpo dauden aukera guztiak ukatzen diren bitartean, egoerak ez du aurrera egingo. Gauza asko dago egiteko, eta eguneroko borroka nahitaezkoa da.

 

Markel Ganboa - Durango, langabea

Nirea prozesu natural bat izan zen. Kontzientzia sexuala garatzen hasterakoan banekien zer gura nuen. Baina gizartean heteronorma hori zegoen finkatuta, eta ez nintzen esatera ausartzen. Gero, “zuri zer neska gustatzen zaizu?” galdetzen zidatenean, jendeak ikusten zuen galdera aldatzen hasi behar zela.
Askotan eliza kritikatzen dugu, baina gu eliza baino txarragoak gara. Bi neskei egiten zaien lehen galdera da ea zelan egiten duten ohean, sexua sarketagaz ulertzen dutelako. Era berean, arraro egiten zait jendeari entzutea neska hau neska bategaz egon zela, gero mutil bategaz, eta orain neska bategaz dagoela berriz. Jende asko hartzen ari den jarrera natural bat hori da.
Bestalde, gaur egungo egoerara heldu gara militantzian lana egin delako. Aurrera begira, hezkuntza garrantzitsua da; gurasoek ere horretaz berba egin behar dute.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!