2,9 milioi euro eskualdeko gizarte-ekintza sustatzeko

Anboto 2014ko api. 24a, 12:43
Amankomunazgoko zerbitzu sozialen egoitza, Durangon, Bruno Maurizio Zabala kalean.
Amankomunazgoak 2014rako aurrekontua onartu du EAJren eta PSE-EEren botoekin. 6,7 milioi euro bideratuko dituzte, eta horietatik 2,9 gizarte-ekintzarako izango dira.

Orain arteko zerbitzuak mantenduko dituzte: larrialdi egoerak, etxeko laguntza eta droga-mendekotasun prebentzioa, adibidez. Oskar Zarrabeitia Amankomunazgoko presidenteak azaldu du enplegua eta promozio ekonomikoa ere erronkak izango direla, eta enpresei, beharginei eta langabetuei laguntzen jarraituko dietela. Behargintzarako 489.000 euro erabiliko dituzte, eta Lanbide Ikastetxerako 792.000 euro.


Bilduk ezezkoa eman du. Endika Jaio Mañariko alkateak azaldu du euren proposamen bat ere ez dutela jaso gobernukoek. Esaterako, Berdintasun teknikariaren postua sortzea beharrezkoa da Bilduren ustez. Orain urte bi egindako Berdintasun Plana “kutxa batean” dagoela kritikatu du. Bestalde, zabor bilketaren inguruko “azterketa serio” bat eskatu du Jaiok. Bosgarren kontainerraren eredua probatu aurretik atez ateko sistema alboratu egin zela esan du, eta uste du azterketa ez zela osatua izan. Herrien aportazioaren %44 zerbitzu horretarako dela nabarmendu du Jaiok.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!