Euskaraz irakurtzeko kanpaina ipiniko du martxan Topaguneak

Anboto 2014ko api. 22a, 14:27
Durangaldeari dagokionez, Otxandion, Mañarian, Mallabian, eta Atxondon garatuko da kanpaina. BIhar hasita, euskarazko liburu bat maileguan hartzen dutenek deskontuak lortu ahalko dituzte liburuak erosteko.

 

Euskaltzaleen Topaguneak euskarazko irakurzaletasuna bultzatzeko kanpaina ipiniko du martxan bihar. 42 herritan garatuko dute kanpaina, eta horien artean Otxandion, Mañarian, Mallabian, eta Atxondon ere bai. Irakurri, gozatu eta oparitu deitzen da ekimena, eta esaldi horrek aurreratzen du funtzionamendua. Liburutegian euskarazko liburuak maileguan hartzen dituzten herritarrek edukiko dute parte hartzeko aukera. Irakurri ostean, bueltatzean, fitxa bat betetzeko eskatuko diete liburuaren balorazioa eginez. Horren truke, liburu dendan beste liburu bat erosteko %25eko deskontua jasoko dute. Lemari jarraituta, erositako liburu hori ingurukoren bati oparitzea gomendatzen dute antolatzaileek.

Topagunearen, udalen eta euskara elkarteen iniziatibaz eta Durangoko Hitz dendaren laguntzagaz garatuko da kanpaina Durangaldean. Ekainaren 30era arte egongo da liburutegietan deskontu txartelak lortzeko aukera, eta uztailaren 5era arte erabili ahal izago dira liburuak erosteko.

Topaguneaz gainera Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak ere bultzatu du kanpaina, eta horren eraginez iaz baino 18 herri gehiagora zabaldu da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!