Behetik gorako bidea egin du Durango Rugby Taldeak aurten

Anboto 2014ko api. 11a, 08:55
Durango Rugby Taldeko nagusiek amaitu dute errugbi 15eko denboraldia Ohorezko B Mailan, eta balantzea egiteko garaia da. Ez da denboraldi gogoangarria izan, baina Peio Urkidi entrenatzailearen ustez, aurrerapausoak eman dituzte iaztik.


Iazko denboraldia zaila izan zen DRTrentzat. Ez zuen partidu bakar bat irabazi. Aurten behetik gorako bidea egin du. Kaskar hasi eta bigarren itzulitik aurrera maila hobean aritu da. Guztira bost partidu irabazi ditu: “Aurten sailkapenaren erdian egotea genuen helburu. Sailkapenari begiratuz gero, ez dugu helburua lortu, baina kirol arlotik begiratuta lortu dugula uste dut. Taldea sendoago eta osatuago dago; alde horretatik urratsak eman dira”, azaldu du Peio Urkidik. Arazo nagusia jokalari eskasia izan da; batzuetan gizonen talde biek arazoak izan dituzte taldea osatzeko.


Laster errugbi 7ko txapelketa hasiko dute.

Derbia eta Bizkaiko finalak
Bitartean, Euskal Ligan derbia jokatuko dute asteburuan Elorriok eta DRT B-k. Zapatuan izango da partidua, 12:30ean, Elorrioko errugbi zelaian.


Horrez gainera, asteburu honetan Bizkaiko final bi jokatuko dituzte Durangoko Arripausuetan. Finalak 16 eta 14 urtez azpiko taldeenak dira. Kasu bietan DRTk Getxo izango du aurkari. 16 urtez azpiko finala 12:00etan hasiko da, eta 14 urtez azpikoena 13:00etan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!