"Durangalde osoa dago frackingaren mehatxupean"

Anboto 2014ko api. 10a, 12:19
Fracking Ez Durangaldea plataformak prentsaurrekoa eman du, sinadurak batzeko kanpainaren berri emateko. Lurpeko gasa haustura hidraulikoaren bidez ateratzeko teknika da frackinga, eta hainbat enpresa ustiapenerako baimenak eskatzen hasi dira EAEn. Plataformako kideek ohartarazi dutenez, Durangaldean ere bai: “Durangalde osoa dago frackingaren mehatxupean”.


Teknika horrek ingurumenean eta pertsonen osasunean eragin kaltegarria eduki dezakeela diote. Berriro ere aurrez aurre daude eragin ekologikoa eta baliabide ekonomikoak.

Nazioartean eztabaida sortu duen teknika da frackinga. Lurralde batzuetan debekatu egin dute: Frantzian, Herbehereetan, Bulgarian, Katalunian eta Kantabrian, adibidez. Nafarroan bertan ere debekatu dute. Baina Eusko Legebiltzarrak ez du gauza bera egin. Horregatik, teknika galaraztea helburu, frackingaren kontrako plataformek herri ekimen legegile bat egin gura dute. Tramitaziorako lehenengo baldintza 30.000 sinadura lortzea da, eta datozen hilabeteetan herririk herri hasiko dira batzen. Hasteko, bihar, Durangoko Andra Marin ipiniko dute mahaia 12:00etatik 14:30era. Domekan Garain egongo dira Landare Azokaren harira, eta Zaldibarko gaztetxeko truke azokan ere sinatu ahal izango da.


Hiru ustiapen eremu
Durangaldea osorik da ustiatzeko baliagarria, eta hiru ustiapen eremuren arabera banatuta dago. Saia eremua Zornotzan dago; Lore atala Zornotzan, Iurretan, Durangon, Izurtzan, Mañarian, Garain, Abadiñon, Atxondon eta Berrizen; eta Sustraia eremua Atxondon, Berrizen, Mallabian, Zaldibarren eta Elorrion. Saia atalean ustiatzeko baimena eman du dagoeneko Jaurlaritzak, eta beste bietarako ustiapen baimenak eskatuta daude. “Baimenok sinatzea bakarrik falta da, gure ingurua gasa ustiatzeko putzuekin betetzeko”.Frackingaren aurkariek azaldu dutenez, Bernagoitian egin dituzte ustiatzen hasi aurreko proba sismikoak, lurpean zer dagoen aztertzeko.


Teknika eta arriskuak
Teknika berria eta ezohikoa da frackinga. Lurpean sakonera handian dauden arroketan pilatutako gasa ateratzen da. Horretarako, lurrikara txikiak sortzen dira nahita, eta ura presio handiz sartzen da gasa gorantz azaleratzeko. Kritikoen ustez, hainbat dira arriskuak. Besteak beste, akuiferoak suntsitzea, ur edangarria kutsatzea eta gasa askatuta atmosfera kaltetzea.


Plataforma duela urtebete inguru sortu zuten Durangaldean. Sinadurak batzeko ekimenaz gainera, frackingaren kontrako sentsibilizazio kanpaina garatuko dute hurrengo hiletan. Herritarrak informatu gura dituzte, eta naturagaz lotura daukaten elkarteekin ere hartu-emanak landuko dituzte. Gainera, energia berriztagarrien alde egin dute, eredu energetikoa aldatzeko beharrezko ikusten dituzte-eta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!