Durangoko Larrialdiak

PSE-EEk dio anbulantzia berriak ez duela zerbitzu duina bermatzen

Anboto 2014ko mar. 26a, 12:51
Durangaldean anbulantzia berri bat ipini du Osakidetzak, erizain bategaz. Baina, ez da larrialdietako beharginek eta udalek eskatutako anbulantzia medikalizatua (Zaintza Intentsiboko Unitateduna), eta horregatik Eusko Jaurlaritza kritikatu dute sozialistek.

"Urkulluren gobernuak tirita bat ipini du, baina ez du zerbitzu duinaren faltak eragindako zauria sendatu". Metafora hori erabiliz kritikatu du Pilar Ríosek (PSE-EE) Osakidetzaren neurri berria. Gogoratu dute eskualderako anbulantzia medikalizatu bat eskatu zutela, eta hainbat udalek babestu zutela larrialdietako beharginen aldarri hori. EAJ ez beste guztiek babestu zuten. Egoera larriak sortzean, anbulantzia medikalizatua Gernikatik etortzen da, eta bidaian galtzen den denbora erabakigarria izan ahal dela esan izan dute beharginek. Anbulantzia horrek, erizaina, medikua eta egoera horiei aurre egiteko baliabideak dauzka. Aste honetan martxan ipini dutenak, ostera, erizaina bakarrik dauka.

Horregatik, eta zerbitzua hobetu arren, PSE-EEk ez du ikusten nahikoa denik. Anbulantzia medikalizatua Iurretako suhiltzaileen parkean ezartzea eskatu zuen PSE-EEk. Bestalde, gogoratu dute beharginen beste eskaera nagusia ere ez dutela bete: erizain bat gehiago ipintzea Landakon.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!