Ertzaintzak Durangaldeko udalekin duen hartu-emana indartu gura du

Anboto 2014ko mar. 24a, 15:06
Durangaldeko udalen eta Ertzaintzaren arteko tokiko koordinazio unitatea batzartu zen joan zen astelehenean Iurretako Ertzaintzaren instalazioetan. Ertzaintzak jakitera eman duenez, topaketa honen helburua polizien arteko koordinazioa hobetzea da. Ertzaintzaz gainera, batzorde honetan Durango, Elorrio, Zornotza, Iurreta eta Abadiñoko ordezkariek parte hartu dute. Herri bakoitzeko alkatea eta udaltzainburua joan ziren batzarrera, besteak beste.

 

Durangaldeko kriminalitatearen inguruko datuak aztertzeaz gainera, gaur eguneko egoeraren diagnostikoa egin zutela azaldu dute. Batzar horretan erabaki zuten moduan, bost mahai tekniko sortuko dituzte. Beraz, herri bakoitzak Ertzaintzako arduradunek eta udaltzaingoak osatutako lan-talde propioa izango du.

 

Batzarrean adostu zuten beste gaietako bat, "ahulenak" izan daitezkeen gizarteko sektorerei berbaldi informatiboak eskaintzea izan zen, pertsona nagusiekin, esaterako. Ostalari eta enpresariekin ere batzartu gura dute delituak ez jasateko hartu daitezkeen neurriak azaltzeko.

 

Ertzaintzako iturriek gaineratu dutenez, etxebizitzetan lapurretei aurre egiteko neurriei buruz berba egin zuten. Era berean, ikastetxeetan drogen eta sare sozialen bidez egindako bulling eta jazarpena bezalako delituen inguruko hitzaldiak emateko aukera ere aztertu zuten. Irailean batzarrean hartutako neurrien balorazioa egingo dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!