Ikasle Abertzaleek protesta deitu dute LOMCE legearen kontra

Anboto 2014ko mar. 6a, 09:00
Durangaldeko Ikasle Abertzaleak elkarteak manifestazioa deitu du hurrengo eguenerako, martxoaren 13rako. Espainiako hezkuntza arloko LOMCE legearen kontrako protesta izango da, eta Euskal Herrirako hezkuntza sistema propio bat ere eskatuko dute ekimen berean. 19:00etan hasiko da Santa Ana plazan.

 

Martitzenean eman zuten deialdiaren berri Ikasle Abertzaleek. Adierazi zuten ez daudela batere ados gaur egungo hezkuntza sistemagaz: “Kapitalismoan pieza bat gehiago izateko hezten gaitu”. Euren artean lehiatzeko eta indibidualistak izateko prestatzen dituztela kritikatu zuten, ustez balio dutenen eta balio ez dutenen artean bereizten dituztela, generoaren arabera banatutako rolak garatzen dituztela... Gainera, zazpi lurraldeetako nazio ikuspegia baztertzen dela uste dute, eta euskalduntzea bermatzen ez duten ereduak bultzatzen direla ikastetxe batzuetan.

Ikasle Abertzaleen arabera, LOMCE legeagaz “zapalkuntza guzti horiek muturreraino eroan gura dituzte”.

Mugimenduaren “eztanda”

Egoera horri buelta eman guran greba egingo dute Bizkaiko gainerako ikasleekin batera martxoaren 27an. “Ezinbestekoa da egungo eredua errotik irauliko duen ikasle mugimendua eztandaraztea”. Eta dinamika horren harira egin dute manifestaziorako deialdia. Ikasleetaz gainera, LOMCE legearen kontra dauden herritar guztiak animatu dituzte mobilizazioan parte hartzera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!