Urkiolako soinuak aztertu dituzte Tecnaliako ikertzaileek

Anboto 2013ko api. 22a, 08:09
Urkiolan jasotako zarata mailak oso baxuak direla adierazi du Aldundiko Ingurumen zuzendariak, Maria Uribek; soinuak paisaje naturalaren baitakoak direla uste dute

Urkiolan jasotako zarata mailak oso baxuak direla adierazi du Aldundiko Ingurumen zuzendariak, Maria Uribek; soinuak paisaje naturalaren baitakoak direla uste dute.

 

Urkiolako Parke Naturaleko soinuak aztertu dituzte Tecnalia erakundeko ikertzaileek. Urkiola, batez ere, ingurune edo paisaje naturalagatik da ezaguna, eta bertako soinuei arreta handirik ez zaiela ipintzen uste dute. Baina, soinuak ere paisaje horren baitako elementuak direla uste dute Tecnaliako ikertzaileek. Bizkaiko Foru Aldundiaren eskariz egin dute ikerketa. Soinu naturalak aztertu, beste soinuetatik bereizi, eta ondoren zaintzea da Aldundiaren helburua. Maria Uribe Ingurumen zuzendariak adierazi du soinu naturalak babesteko apustua egin duela Aldundiak: “Soinuak babesteak balioa ekartzen du kulturaren, paisaiaren eta ondarearen aldetik. Gure naturguneetako beste altxor bat dira”. Animaliez eta paisajeaz gainera, soinua ere zaindu beharreko baliabidea dela uste dute.

 

Urkiolako 21 lekutan egin dute azterketa Tecnaliakoek. Esan dute kalitate handiko soinuak topatu dituztela. Haizea, txoriak, errekak... Igone Garcia izan da ikertzaileetako bat, eta lanaren asmoaz berba egin du: “Soinu-paisajeen artetik iraunarazi edo lehenetsi behar direnak identifikatu nahi ditugu, biodibertsitatea babesteko”.

 

Soinu-maila lasaiak Uribek esan du, Urkiolan jasotako zarata mailak oso baxuak direla dezibeliotan, hiri batean nekez aurkitzen direla hain soinu-maila lasaiak. “Horri esker, gune horiek ahalmen handia daukate estresaren aurrean susperrarazteko, eta biodibertsitatea indartzeko”. Ingurumen zuzendariaren arabera, Urkiolako aberastasun naturalaren beste alde bat azaleratu du ikerketak.

 

Ingurune naturaletako soinuak aztertzeko ideia AEBetatik ei dator. Hemen, ohitura badago kaleetako zarata ikertzeko, batez ere, kutsadura atmosferikoa neurtzeko. Baina, Euskal Herriko eta Europako ingurune naturalei dagokienez, aitzindaria da Urkiolako lana, Europan ere azterketa gutxi egin baitira eremu horretan.

 

Kontzientziazioaren beharra

Garciak azaldu du aurrera begira ere badagoela lanik.“Mahai gainean dugun azterketa hori oinarri izanik, aztertu egin beharko da zer soinu-iturri ez datozen bat paisaiarekin, eta puntu horietan hobetzeko zein aukera dagoen”. Gainera, herritarrak kontzientziatzeko dinamikak egitea ere beharrezko ikusi du, “gure soinu ohiturak mendiaren erabilerarekin eta mendiaren erabilera naturalarekin bateragarri egiteko”.

 

Uribek, Urkiolan egindakoa lako azterketak Bizkaiko beste natur inguruneetara ere hedatuko dituztela aurreratu du: “Garrantzitsuena da soinu-paisaiaren kudeaketa hori jada errealitatea dela, eta paisaia hori babesteko urratsak egiten ari garela”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!