Produktu ekologikoak salerosteko bideak aztertuko ditu Urkiola Landa Garapenak

Anboto 2013ko ots. 28a, 11:57
Urkiola Landa Garapen elkarteak mintegia eratu du hilaren 14rako; produktu ekologikoak eskuratzeko dauden moduak aztertu, eta bide horiek zabaltzeko aukerak asmatzea dute helburu

Urkiola Landa Garapen elkarteak mintegia eratu du hilaren 14rako; produktu ekologikoak eskuratzeko dauden moduak aztertu, eta bide horiek zabaltzeko aukerak asmatzea dute helburu.

 

Urkiola Landa Garapen elkarteak “ideien laborategia” antolatu du martxoaren 14rako. Helburua, gaur egun produktu ekologikoak eskuratzeko dauden moduak aztertzea, eta etorkizunean bide horiek zabaltzeko egon ahal diren aukerak asmatzea izango da. Mintegia, ‘Conexiones Improbables’ izeneko proiektuaren barruan dago. Erakundeek, euren ideiak hartzaile edo bezeroekin partekatzea sustatu gura dute proiektu horren bidez. Mintegi horien aurkezpena eguaztenean egin zuten Donostian, eta bertan egon zen Juan Mari Totorika, elkarteko ordezkaria. Mintegietako bat garatu dute dagoeneko: Mallabiko Orbea enpresak otsailaren 14an egindakoa. Urkiola Landa Garapenak eratutako mintegia Berrizen izango da, elkarteak daukan egoitzan –udaletxe zaharra–, 16:30etik 20:00etara.

 

Mintegian, “ideien zaparrada” egingo dutela azaldu dute arduradunek. “Hausnarketa dinamikoa eta parte-hartzailea egin gura dugu, etorkizunean kudeaketa ekimen berriak guztion artean sortzeko”. Ekoizleak, kontsumitzaileak, sukaldariak, gurasoen elkarteak, kontsumo taldeak, banatzaileak, ikasleak, sindikatuak, lursailen jabeak eta eskola jantokien arduradunak batu gura dituzte, azaldu dutenez.

 

Nekazaritzako produktu ekologikoen ekoizle eta kontsumitzaileen arteko elkarlaneko proiektuak diseinatzeaz hausnartuko dute, adierazi dutenez. Eskualdeko proiektuen gestioaren, finantziazioaren eta partaidetzaren inguruko ideia berritzaileak bilatzen ahaleginduko dira, eta prozesu horretan pentsakera kolektiboak zelan aprobetxatu ahal diren aztertuko dute.

 

Aldatzeko beharra

Conexiones Improbableseko zuzendari Roberto Gomezek aurkezpenean adierazi zuen, hemendik aurrera ezer ez dela berdina izango, egun bizi dugun krisi ekonomikoa eta egoera berriari egokitzeko beharrezkoa den aldaketa gogoan. Horregatik baieztatu zuen berrikuntza dinamikak ere aldatu egin behar direla: “Berrikuntza ez da soilik erakunde handien kontua”.

 

Izena emateko aukera

Berrizko mintegian izena emateko interesa daukatenek, ksimon@urkiola.org helbidera idatzi behar dute mezu elektroniko bat. Egun berean, Lea-Artibaiko Landa Garapen elkarteak ere mintegi bera eskainiko du Markina-Xemeinen. Izan ere, landa garapeneko elkarte biek sortutako Oiz Egin plataformaren bidez garatuko dira mintegiak. Hori dela-eta, batzarrak amaitzean, Mallabiko Trabaku-Goiko jatetxean elkartuko dira guztiak. Antolatzaileen arabera, jatetxean afari-merienda egingo dute, eta batzarretan landutako ideiak partekatzeko aukera edukiko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!