Durangaldeko baserri-paisaien bereizgarriak kontserbatu gura dituzte

Anboto 2012ko urr. 19a, 08:28
Urkiola Landa Garapen elkarteak bultzatuta, eskualdeko paisaien bereizgarri esanguratsuenak identifikatzen ari dira

Urkiola Landa Garapen elkarteak bultzatuta, eskualdeko paisaien bereizgarri esanguratsuenak identifikatzen ari dira.

 

Urkiola Landa Garapen elkartearen ekimenez, Durangaldeko baserri-paisaien inguruko azterketa egiten ari dira foro zabaletan. Azterketaren helburua paisaia horiek kontserbatzeko plangintza sortzea da. Baina, horretarako, inguruneen bereizgarri esanguratsuenak identifikatzen ari dira parte-hartzaileak. Martitzenean egin zuten lehenengo batzarra, eta azaroaren 6an elkartuko dira berriro. Berrizko kultur etxean egingo dute, 19:00etan hasita. Adierazi dutenez, Bizkaiko eta Gipuzkoako beste zortzi elkarte ere badabiltza lanketa berean.

 

Martitzeneko saioan hainbat ariketa egin zituzten. Lehenengo, partaideek paisaiari buruz daukaten kontzeptua bateratzen saiatu ziren. Oinarria finkatu zuten, beraz. Gero, Durangaldeko datu orokor batzuk plazaratu zituzten arduradunek. Batzarra amaitzeko, fitxa bat banatu zuten. Horrela, parte-hartzea erraztu gura dute, eta etxerako lan legez eroan zuten guztiek. Bakoitza eskualdeko leku batera joan eta paisaia hori aztertuko du fitxaren laguntzaz. Geologia, klima, ura, lurzorua, landaredia, faktore sentimentalak... Hainbat esparrutik baloratuko dute leku hori.

 

Bigarrenean, hausnarketa

Ariketagaz jasotakoa, eztabaida eta hasunarketarako erabiliko dute bigarren batzarrean. Gaur egungoaz gainera, etorkizunean zelako paisaiak egon ahalko diren aurreikustea izango da zereginetako bat. Antolatzaileek azaldu dutenez, lehen sektore ekonomikoak eduki duen eragina ere aztertuko dute, besteak beste.

 

Lehenengo batzarrean parte hartu ez dutenek ere eman ahal dute izena bigarrenerako. Horretarako, 686 738  152 telefono zenbakia eta paisaia.atl@paisaia.com helbide elektronikoak erabiltzeko eskatu dute arduradunek. Gainera, www.oizegin.com webgunean lehenengo saioko informazioa eskegi dute, eta ariketa egiteko fitxa ere bertan dago eskuragarri. Antolatzaileek ekarpena eskertu dute, eta esan dute parte-hartzea garrantzitsua dela ahalik eta ikuspegi zabalena lortu eta erabakiak hartzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!