Baserriko hondakinetan 700 ontzi huts eta 25 tona plastiko bildu dituzte

Anboto 2012ko ots. 28a, 09:07
Urkiola Landa Garapena elkartearen bidez kudeatzen dira hondakinak, birziklatzeko. Urkiola Landa Garapena elkartetik nabarmendu dutenez, \'parte hartzea handitu egin da, baina oraindik parte hartzen ez duten ustiategiak gehiengoa dira\'

Baserrietan sortzen diren hondakinak gaika batzeko ekimena 2010ean hasi zen Durangaldean eta Urkiola Landa Garapena elkartea arduratzen da programaren kudeaketaz.

 

Urkiola Landa Garapenetik nabarmendu dutenez, "parte hartzea handitu egin da, baina oraindik parte hartzen ez duten ustiategiak gehiengoa dira". 2011n landareen eta animalien osasuna zaintzeko erabiltzen diren produktuen 700 ontzi huts baino gehiago batu zituzten. Plastikoak ere batzen dituzte, negutegiko plastikoak eta belar-siloak, eta iaz 25 tona inguru batu zituztela azaldu dute. Artzain elektrikoen pilak ere biltzen dituzte.

 

Azaldu dutenez, batez ere txakolin ustiategiek parte hartu dute hondakinen bilketan.

 

Hurrengo bilketa martxoan

Datorren hurrengo hondakin bilketa martxoaren 19an eta 20an izango da. Hondakin fito eta zoosanitarioak batuko dituzte, DIBA kooperatiban. Parte hartu gura duten baserritarrei edukiontzi berezi bat emango diote eta bertan gorde beharko dituzte hondakinak gero DIBAn uzteko. Hondakin hauek hiru hilabetetik hiru hilabetera batzen dituzte. Besteak beste, ongarrien, herbiziden eta fungiziden ontzi hutsak, eta xiringak eta pasaristoen kontrako txertoen ontzi hutsak ere.

 

Berotegiko plastikoen eta belar-siloen hurrengo bilketa apirilaren 26an egingo dute. Bilketa hori baserritik baserrira burutuko dute, eta parte hartzeko izena eman beharko da Urkiola Landa Garapena elkartean. Apirilean eta urrian egingo dute bilketa.

 

Artzain elektrikoen pilak urteko edozein egunetan batzen dituzte, DIBA kooperatiban dagoen eduki ontzi berezian.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!