Pinuaren polenak izan dezakeen eragina aztergai

Anboto 2011ko mar. 17a, 09:03
Azterlan ikerketa zentroak pinuaren polenaren inguruko azterketa egin du, zer eragin izan dezakeen argitzeko.
Azterlan ikerketa zentroak pinuaren polenaren inguruko azterketa egin du, zer eragin izan dezakeen argitzeko. Urtero, otsaila eta martxoa bitartean, Intsignis pinuaren (Pinus radiata) polinizazioa gertatzen da. Hau dela-eta, polen kantitate handiak isurtzen dira airera, eskualde guztia kolore horiz estaliz. Egunotan ere jazo da fenomeno hori. \"Pinuaren esplotazio intentsiboak inguruan daukan eragina nabarmena da, baina, zer ondorio ditu aire kalitatean? Eta, batez ere, ba ote du eraginik pertsonen osasunean?\", horixe da Azterlanek garatutako ikerketaren abiapuntua. Intsignis pinua XIX. mendean penintsulako iparraldean egurgintzan erabiltzeko sartu zen espezie bat da. Izatez, espezie amerikarra da; Kaliforniakoa hain zuzen ere. EAEn, pinuak hartzen duen azalerak lurraldearen % 20 gainditzen du; baso dentsitate handienak Bizkaian daude. Gaur egun, egurraren merkatuko prezioak baxuak izan arren, Intsignis pinuaren laborantzak aukerarik onartuena izaten jarraitzen du Durangaldean. Pinuaren polena tamaina handikoa da, 50 eta 90 µm bitartekoa. Sudur eta eztarrian gertatzen den iragazpenaren eskerrak, airean dagoen partikula hori ezin daiteke gizakion arnas sisteman sartu; arrazoi horregatik esaten da tamaina handikoak direla.

Ez du airea kaltetzen

Polen ale bakoitza material genetikoa pilatzen den gune zentral batez eta flotadore funtzioa duten alboko bi besikulez osatuta dago. Nahiz eta polen ale horiek oso urrutira heldu daitezkeen, normalean jatorritik 500-1.000 metrora jalkitzen dira, beti ere haize eta prezipitazioen arabera. Azterlanen arabera, ingurumenaren ikuspuntutik pinuaren polena ez da konposatu kaltegarritzat hartzen –partikula organiko usaingabe eta arnastezina baita–, nahiz eta sortzen duen zikinkeriak eragin deserosoak dituen. Osasunean eragin ditzazkeen ondorioen kasuan, alergiak sortu ditzakeela frogatu da. Dituen ezaugarriengatik, polen honek alergia sortzeko duen ahalmena dudan jartzen da munduan, baina EAEn gora egin dute honelako kasuek.

Alergiaren zergatia

Polen honek proteina kopuru txikia dauka, gure inguruko alergien arduradun nagusia den gramineoen polena baino 40 aldiz txikiagoa, hain zuzen ere. Kontua da proteinak direla alergien eragile. Beraz, pinuaren polen kantitateak handia beharko luke alergia sortarazteko. Berez eraginik ez duela kontsideratu arren, inguruko pinu-landaketa kantitate handiak erraztu egin du alergien sorrera, ikerketaren arabera.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!