Susa auzia erantzuleak aurkitu gabe ixtea ez du nahi plataformak

Maialen Zuazubiskar 2017ko ots. 9a, 11:18

Iazko apirilaren 26an epaitegiak Jauregizahar enpresa sustatzaileari arrazoia eman zionetik —Berrizko Udalak 1.823.526,84 euro ordaindu beharko dizkio enpresa sustatzaileari Berriz Susak 2006an txarto egindako adjudikazio batengatik—  Berriz 1,8 miloi zergatik? plataformak eta EH Bilduk erantzuleak bilatzeko eskatu diote gobernu taldeari.

Atzo, epaia jakin zenetik ia hamar hilabete igaro direnean, Orland Isoird alkateak eta Juan Landa abokatuak Berriz Susa sozietatearen ibilbidearen azalapena egin zuten herriko Kultur Etxean.

“Ahalegina egin dugu herriari isun honek ahalik eta kalterik gutxien egin diezaion” adierazi zuen Isoird alkateak, eta isuna hamar urtean ordainduko dutela adierazi zuen.

Horrez gain, Landa abokatuak esan zuen momentu hartan erabaki guztiak EAJk, PPk eta PSOEk aho batez hartu zirela (garai hartan Ezker Abertzalea ilegalizatuta zegoen), baita Jauregizaharren errekurtsoagaz jarraitzea ere. Gainera, Berriz Susak "aholkularitza ona" izan zuela adierazi zuen.

Batzarrera bertaratu ziren herritar batzuek, berriz, ez zituzten abokatuaren hitzak ondo hartu, eta aholkulari teknikoa ezin izan zela ona izan erantzun zioten Landari.  

Susaren desegitea
“Azken urteetan, Berriz Susaren desegitea planteatzen ari gara, sozietatea jasangarria ez delako. Beraz, sozietatea likidatutakoan, desegiteko asmoa daukagu”, jakinarazi zien Orland Isoirdek herritarrei. Adierazpen horien aurrean Gorka Camara EH Bilduko zinegotziak azaldu zuenez, EAJk izan zuen sozietatea desegiteko aukera, baina, "ez zuten gura izan".

Ikerketa batzordea
Bestalde, Jauregizaharrek 2006an errekutsoa aurkeztu zuenean aurrera zergatik egin zuten galdetu zieten herritarrek EAJko kideei. Bertaratutako hainbat herritarrek Berriz Susan gertatutakoaren erantzuleak bilatzea eskatu zuten. Ildo horretatik, EH Bilduko bozeramaile Karmen Amezuak gai hau lantzeko ikerketa batzordea noiz sortuko den galdetu zion alkateari. Isoirdek batzordea sortuko dutela baieztatu zuen. “Guk proposatutako ikerketa batzordea aztertzen gabiltza, baina, bai, egingo dugu”, erantzun zion alkateak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!