Berrizek kros laburreko Euskadiko txapelketa hartuko du lehenengoz

Joseba Derteano 2017ko ots. 8a, 14:56
Ezkerretik hasita: Miguel Angel Aguado, Juan Jose Anderez eta Miguel Angel Munitxa gaurko prentsaurrekoan.

Iaz Bizkaiko txapelketa jokatu zuten Berrizburuko landetan. Aurten, salto berri bat emanda, Euskadiko kroslari onenak batuko dira domekan. 300 bat parte hartzaile espero dituzte.

Durangaldeak bosgarren bider hartuko du Kros Laburren eta Beteranoen Euskadiko Txapelketa. Aurreko laurak Abadiñon izan dira, iazko aldia tartean. Juan Jose Anderez Euskadiko Atletismo Federazioko presidenteak proba “estuak eta faborito argi bakoak” itxaroten ditu gaur Berrizko udaletxean eskaini duten prentsaurrekoan azaldu duenez.

Dabid Garcia eta Ainhoa Sanz iazko irabazleak ez dira etorriko “arazo fisikoengatik”. Gizonetan Oier Ariznabarreta eta Txomin Marañon durangarrak faboritoen artean daude. Eneko Agirrezabal eta Unai Arroyo izan daitezke euren areriorik gogorrenak. Emakumeetan marokiar jatorriko kroslariez gainera, Iraia Garcia zornotzarra, Gurutze Frades iurretarra eta Irene Loizate durangarra kontuan hartzeko izenak direla uste du Anderezek.

Lasterketa bi horien aurretik beteranoena lehiatuko dute Berrizburun diseinatutako zirkuituan. Azken urteetan “gorantz egin duen” kategoria dela azaldu du Anderezek: “Gaur egun maila horretan dugu lizentzia gehien”.

Joan zen asteburuan kros luzeko Euskadiko txapelketa jokatu zuten Sopuertan eta eskualdeko hainbat talde eta kroslari nabarmendu ziren. Besteak beste, Durango Kirol Taldeak taldekako garaikurra berritu zuen eta Durangaldea Running-eko Txomin Marañon 23 urtez azpiko onena izan zen. Iazko aldian azpitxapeldun izan zen Marañon. June Arbeok eta Araitz Villak, berriz, Espainiako txapelketara sailkatzea lortu zuten.

Bizkaiko eskolarteko txapelketa

Datorren asteko asteburuan ere krosa izango da protagonista Berrizen. Bizkaiko Eskolarteko txapelketa jokatuko dute Berrizburun eta 800 bat gaztetxo batzea itxaroten dute. Gazte mailako kroslarientzat Espainiako txapelketara sailkatzeko azken aukera izango da Miguel Angel Munitxa Bizkaiko Atletismo Federazioko presidenteak azaldu duenez.

Miguel Angel Aguado Berrizko Kirol eta Gazteria arloko zinegotzia pozik agertu da txapelketa bi horiek Berrizen jokatuko direlako: “Guk herrian ez dugu atletismo talderik, baina horrelako kirolak sustatzea gura dugu”.

 

EUSKADIKO KROS LABURREN TXAPELKETA – ORDUTEGIA (otsailak 12)

- 10:30; Gizonezko beteranoak (35, 40, 45 eta 50). 5 kilometro

- 11:00; Emakumezko beteranoak eta gizonak 55 urtetik aurrera. 4 km

- 11:30; Gizonen kros laburra. 4 km

- 12:00; Emakumeen kros laburra. 4 km

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!