Txintxaun Kolektiboak agur esango dio ‘Full Monty’ antzezlanari

Anboto 2017ko urt. 26a, 12:35
Asteazkenean aurkeztu zuten urtarriletik maiatzera bitarteko egitaraua

Berrizko Txintxaun Kolektiboak agur esango dio Full Monty antzezlanari etxean. Asteon, Txintxaun Kolektiboko kide Andoni Ruiz Larringanek Berrizko Kultur Etxean jakitera eman duenez, duela bost urte hasitako antzezlanari amaiera emango diote Berrizen, otsailaren 4an.

“Zazpigarren aldia da Berrizen Full Monty antzeztuko duguna eta, orain arte bezala, aretoa betetzea espero dugu” gaineratu du. Full Monty antzezlanari amaiera jarriko dioten arren, Txintxaun Kolektiboak lanean jarraituko duela adierazi dute, eta udaberrirako, ipuin baten moldaketa prestatzen dabiltzala ere esan dute.

Egitarau oparoa
Full Monty antzezlanaz gain, Seve Alava Kultur Etxeko arduradunak eta Bego Madariaga zinegotziak urtarriletik maiatzera bitarteko egitaraua aurkeztu zuten. Zapatu honetan, 20:00etan, Francoren bilobari gutuna antzezlana aurkeztuko dute, eta otsailaren 3an Markeliñek Euria aurkeztuko du.

Joserra Martinez Markeliñeko kideak adierazi zuenez, antzerki taldeak Berrizegaz harreman “estua eta oparoa” izan du, eta beraientzat “ohorea” da Euria Berrizen antzeztu ahal izatea. “Gurea, familia artean ikusteko ikuskizuna da, adin guztietako jendeak erraz ikusi eta ulertu dezakeena”, adierazi zuen Markeliñeko kideak.

Otsailaren 11n, berriz, irailean San Agustinen aurkeztutako Frida Kahlo antzezlana eskainiko dute. “Bakarrizketa bat den arren, talde lan bati esker aurrera doan ikuskizuna da Frida, eta, horregatik, eskerrak eman gura dizkiot lan talde guztiari hemendik”, adierazi zuen Rosa Martínez-Alcocerrek.

San Agustinen aurkeztutako Kaput ikuskizuna ere ikusteko aukera egongo da, otsailaren 17an, Berrizen. Gorka Gansoren hitzetan, “Kaput barretik eta optimismotik gerren drama unibertsalera hurbiltzen den komedia hunkigarria da”.

Ikuskizun hauez gain, beste hainbat antzezlan, film eta kontzertu eskainiko dituzte bost hilabete hauetan Berrizko Kultur Etxean. Seve Alavak adierazi zuenez, egitarau honegaz euskara bultzatzea eta arte eszenikoei indarra ematea da beraien helburua. Horregatik, herritarrei deia egin zien Kultur Etxeko bazkide egin, eta eskaintzen dituzten abantailez gozatzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!