Felix Uribarri: “Umeak egunero pilotan jokatzen eta disfrutatzen ikustea da politena”

Aitziber Basauri 2017ko urt. 23a, 09:40
Felix eta Juanito Uribarri Gandarias (Oize pilota eskolan entrenatzaileak urte askoan)

Berrizko pilotazaleen eskutik omenaldi sentitua jaso dute Uribarri anaiek. “Hunkigarria” izan da, aitortu dutenez. Dena den, urteetan umeengandik jasotako “maitasunak” eman die poztasunik gehien. Ehuneko ehun ezin emanda, Oizpe pilota eskola utzi zutela 13 urte izango dira.

‘Gure txapelak zuenak dira’ diote jasotako txapelek.
Juanito Uribarri:Bai. Maila gorenean egon da Berriz! (barrez). Hunkigarria izan da omenaldia.
Felix Uribarri: Omenaldi xumea eta hunkigarria izan da. Dena den, beti sentitu dut esker on hori. Ni neu ere oso eskertuta nago eman didatenagatik, maitasun berezia hartzen diezu umeei.

Herrian oso maitatuak zarete.  
F. U.: Bai, dudarik gabe. Gureine profesional daude Berrizen, baina, nahi gabe izan da. Batzuek maila ona izan dute, eta aurrera egin dezaten ahalegindu gara. Baina, umeak egunero pilotan jokatzen eta disfrutatzen ikustea da politena.

Umeak pilotara erakartzeko, zer behar da?
F. U.: Maitasun handia, baina, denekin. Gurasoen aldetik ikusi dut zera hori... ‘neure umea da-eta’. Baina guretzat denak ziren gure umeak. Denak gogo berdinagaz tratatzen genituen. Gure umeak izan dira eta dira oraindik ere.

Umeek takoak erabili beharra dute?
J. U.: Badaude trapuzko pilotak ere umeentzat. Baina, badago derrigor irabazi behar hori ere bai. Ez luke horrela izan behar, olgau egin behar dute.
F. U.: Ikastea ez da txarra. Ipini dizkiegu guk ere, eta nola egin erakutsi ere. Eskuak makalak dituzte hasieran. Baina ez da kontua derrigorrez tako piloa ipintzea edo ordu erdi horretan aritzea.

Zenbat urte gaztetxoak entrenatzen?
J. U.: 30 bat urte aritu gara arduradun. Hala ere, aurretik ere, laguntzen genuen.
F.U.: Pilotan ibilitakoak ere bagara. Gazte mailan txapelen batzuk irabazi ditut. Beti izan dugu lotura.

Pablito, Eñaut eta Asier Berasaluze, Ibai Zabala, Lejardi, Bazeta, Albizuri anaiak... Zuen umeak denak.
F.U.: Bai. Egon dira zazpi batera profesional mailan. Urte piloa batzuekin, besteekin gutxiago, baina, denekin ibili gara.

Harrotasuna emango du.
F.U.: Poza ematen du, bai. Baina, gurasoengandik kirola egiten ari direla eta pozik daudela entzuteak eman dit pozik handiena. Gero profesional mailan jokatzen dutela? Ederto!   ‘Irakatsi egin behar zaie, denei; eta gora heltzeko gaitasuna duena gehitxoago estutu. Pilotari ‘onak eta hobeak’ izan ditut nik.

Txikitatik ikusten da nor arituko den gorenean?
F.U.: 16-18 urtegaz ikusi behar da hori, eta aurrera egin gura bada, bide horri ekin. Ilusioa duenak ez hainbeste, baina sakrifiziorako gaitasuna izan behar da. Zortea eta debutatzeko aita-puntekoak ere bai — azken hori sasoi baten gehiago—.
J.U.: Orain errazago debutatzen da, baina, enpresatik bota ere errazago botatzen dituzte. 26 urteko gaztea porrot eginda dator.

Sake zitalean espezialistak omen zarete Berrizen.
F.U.: Bai. Botea aurrera bota eta norberak 2. edo 3. pausoan hartu behar du. Negarrez ere ikusi ditut, lortu ezinik. Profesionaletan aritutakoak ere bai.

Asko aldatu da pilota?
F.U.: Bai. Irakasteko boluntario gehiago zegoen, eta publiko gehiago. Goi-goian zegoen pilota. Asko jokatzen zen frontoian, umeek ere bai; orain ezin dute.

Goian egon da Berriz pilotan?
F.U.: Munduko txapela eta olinpiadetakoa lortu ditugu; eta Baqué Torneoan bi mailetan irabazi genuen behin. Umeen txapelketetan ere ondo ibili gara.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!