Menpekotasunak sortzen dituen beldurrak gaindituz

Maialen Zuazubiskar 2016ko urr. 21a, 10:45

Gaur hasita, bi hilabetez, menpekotasuna duten pertsonen zaintzaileentzat ikastaro berezia antolatu du Berrizko Udalak.

Herrian menpekotasuna duten pertsona ugari daudela jakinda, eta gehienak familiartekoren baten zaintzapean daudenez, hauentzat ikastaroa antolatzea beharrezkoa dela iruditu zaio udalari.

Ikastaroaren helburua menpekotasuna duen familiarteko horregaz daudenean dituzten sentimendu, emozio eta beldur horiei aurre nola egin irakastea da.

Gainera, zaintzari aurre egiteko estrategia ezberdinak erakutsiko dituztela jakitera eman dute.

Lehen saioan ikastaroaren aurkezpena bakarrik egingo dutela jakitera eman duten arren, hainbat gai jorratuko dituztela adierazi dute prentsa oharrean. Esaterako, tristurari, depresioari eta haserreari aurre egiteko teknikak erakutsiko dituzte. Horrez gain, antsietatea hobetzeko zenbait teknika ere eskainiko dituzte.

Saioak barikuetan
Gaur hasi eta azaroaren 25era arte iraungo duen ikastaroa sei astez jarraian emango dute.
Berrizko Kultur Etxean eskainiko dituzten saioek bi orduko iraupena izango dute, 16:30ean hasi eta 18:30era arte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!