Bertako behi-esnea eskualdeko denda, harategi eta jatetxeetan

Maialen Zuazubiskar 2016ko urr. 17a, 08:00
Aitor Biritxinaga, Aiarbi

Abeltzaintzatik bizi den familia da Biritxinagatarrena. Gurasoak behi-esnea saltzen hasi, eta eurei bizi osoa laguntzen egin ostean, 2009. urtean Aiarbi ganadutegia sortzea erabaki zuten Aitor eta Arkaitz  Biritxinaga anaiek.

Orduz geroztik, beraien 450 abelburuengandik lortutako esnea, esklusiboki, gaztandegi jakin batera bideratu izan dute, gazta freskoa egin dezaten.

Ustiategi handiari beraien produktua saltzeaz gain, esnea erostera etxera bertara ere etortzen zaiela jendea aitortu du Aitor Biritxinagak. “Beti izan ditugu behi-esnetan etxera etorri diren bezeroak, eta hemendik aurrera ere izango ditugu”, baieztatu du.

Berrikuntzak
Orain, berriz, berrikuntzez josita datoz biritxinagatarrak. Hemendik aurrera, gaztandegiari behi-esnea saltzeaz gain, Durangaldeko hainbat denda txikiri, harategiri eta jatetxeri Berrizko Errotazar baserrian ekoiztutako esnea salduko diete.

“Gure inguruan saltzen eta kontsumitzen den esnea nolakoa den ikusita, zerbait egitea beharrezkoa zela iruditu zitzaigun” aitortu du Biritxinagak.  Beraz, beraien ganadutegiko behi-esnea Durangaldeko herritarrei saltzea aukera ona izan zitekeela iruditu zitzaien.

“Kalitatezko eta bertako esnea daukagu, ehuneko ehunean naturala dena. Beraz, zergatik ez eskaini jendeari aukera hau, gure behi-esnea”, bukatu du abeltzainak.

Berrizko Errotazar baserrian prozesu guztia pasatuko duen esnea poltsa berezi batzuetan salduko dute, eta ez da egosi beharko. Gainera, biritxinagatarrek aitortu dutenez, zazpi eguneko iraungipen-data izango du.

Harrera ona
2013an Euskal Herriko Ustiategirik onenaren saria jaso zuten anaiek aitortu dutenez, jendeak “harrera bikaina” egin dio beraien produktuari. Oraindik plazaratu ez duten arren, denda txiki, harategi eta, batez ere, jatetxeetan beraien esneari “harrera izugarria” egin diotela aitortu dute.

Gurasoen ohituretara bueltatuz, —“hobekuntza dezentegaz, hori bai”— Biritxinagatar anaiek behi-esnea plazaratuko dute berriro, datorren astean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!