18 ikuskizun, abendura arte

Anboto 2016ko ira. 28a, 14:00

Datozen hiru hilabeteetarako Berrizko Kultur Etxean antolatu duten programazioa aurkeztu dute, gaur, udaletxean. Guztira 18 emanaldia programatu dituzte; dantza, musika zein antzerki ikuskizunak. Iñaki Etxezarraga Etxe herriko musikariaren disko berriaren aurkezpena izango da hurrengo hitzordua. Berak ere parte hartu du, gaur, egitarauaren aurkezpenean.

Duela hiru urtetik Berrizko Udalak herriko ermitetan antolatzen dituen kontzertuetako bat eskainiko du, urriaren 1ean, Etxek. San Migel ermitan joko ditu kaleratu berri duen Bizi bosgarren diskoko kantak, lehenengoz, zuzenean. "Ikusita programazio horren barruan aurretik zer nolako artistek jo duten, ohorea da zapatuan San Migelen jotzea", adierazi du Etxek. Disko berria estreinatuko duelako bakarrik ez, "hainbeste denboran isilik egon ostean berriro" joko duelako ere berezia izango da Etxerentzat zapatukoa. "Oso gogotsu nago", azpimarratu du.

Alex Díaz Gorakada antzerki taldeko zuzendariak ere parte hartu du Berrizko programazioaren aurkezpenean. Izan ere, azaroaren 11n Berrizko kultur etxean estreinatuko du Abadiñoko taldeak Tiririkontu kontari ikuskizuna. 2004an aurkeztu zuten ikuskizunaren birmoldaketa da Titirikontu kontari. Díazek azaldu duenez, "Gorakadak emanaldi gehien eskaini duen ikuskizuna" izan zen hura. Duela hamabi urte estreinatu zuten ikuskizunak bezala, Zapataria eta iratxoak, Barbantxo eta Urretxindorra ipuinak kontatzen ditu obrak. "Mezua mantendu dugu, baina irudi aldetik gaurkotu dugu lana", azaldu du Díazek.

Berrizen tamainako herri batek gaur aurkeztu dutena bezalako kultur programazioa edukitzea, "Berrizko kultur programazioa urteetan eboluzionatzen ikustea oso pozgarria" dela azpimarratu du Alex Díaz Gorakada taldeko zuzendariak. Ildo horretatik, 2008an Kultur Etxea zabaldu zenetik, "programazio orekatua" osatzea izan dutela helburu azpimarratu du Seve Alava kultur teknikariak.

Abendura arte, diziplina guztietako ikuskizunak izango dira Berrizen, Euskal Herriko, Estatuko zein atzerriko konpainienak, eta ohi bezala, zinema eta erakusketak ere izango dira Kultur Etxean. "Esfortsu handia egiten dugu horrelako eskaintza egin ahal izateko", esan du Orland Isoird alkateak: "Urterik urte igo edo mantendu dugu kultur arloko aurrekontua", zehaztu du.

Berrizko Udalaren agendan dago programazioa. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!