Bihar hasiko dira Okangoko San Migel jaiak

Anboto 2016ko ira. 27a, 11:11

Bihar Donien Atxa jarri eta jai-giroan murgilduko dira Berrizko Okango auzoan. San Migel bezperan hasi eta domekara arte, egitarau zabal bategaz gozatzeko aukera izango dute berriztarrek.

Esaterako, zapaturako, umeentzat jolasak eta 18:00etarako txirrindulari lasterketa herrikoia antolatu dituzte. Lasterketa honetan, txirrindulari eskolako umeek eta 14 urtetik gorakoek parte hartu ahalko dute.

20:00etan, berriz, Iñaki Etxezarraga ‘Etxe’-k ‘Bizi’ diskoa aurkezteko kontzertua eskainiko du. Herriko musikariak Okango auzoko jaietan ekingo dio bere disko berria aurkezteko birari.

Bestalde, antolakuntzakoek jakitera eman dute, zapatuan, egun osoan zehar, odolosteak dastatzeko aukera zabala egongo dela.

Domekarako, berriz, ohitura den bezala, Berrizko Baselizetatik ibilaldia antolatu dute. Aurtengoan, ibilbide bi egongo dira, laburra bata eta luzea bestea. Herriko baselizak elkartzea helburu duen XXII. Ibilaldia, Mikel Deuna baselizatik irten, eta Elizondo, San Lorentzo, Zengoite, San Kristobal Txiki, Urdaixa, Andikoa, San Pedro Txiki, San Fausto,  San Antonio eta San Juanetik igaro ondoren, berriz ere, Mikel Deuna baselizara helduko da.

Bestalde, 12:00etan, auzoko hildakoen omenez meza egingo dute, eta meza ostean, herriko Iremiñe Dantza Taldeak  euskal dantzen saioa eskainiko du.

Dantzaldiaren ondoren, Berrizko Bertsolari Eskolako bertsolariek eta trikitilariek 2016ko Okango auzoko jaiei amaiera emango diete euren jardunarekin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!