“Bertigoa ematen du hasieran, baina, platoan oso babestua sentitzen zara”

Anboto 2016ko ira. 18a, 10:00

Albistegietan ikusi dugu bere aurpegia. Orain, asteon bertan hasi den ‘Ahoz aho’ saioan ikusiko dugu Ruben Abal kazetari berriztarra. “Gogoz” ekin dio ibilbide berriari , “hasieran beti ematen duen  arren halako bertigoa”.

Azkenaldian badugu politika ez den beste ezer ahoz aho?
Egia da politikaz asko ari garela azkenaldian. Baina, egia da gurean kulturak ere beti izan duela toki handia. Politika oso indartsu dabilen arren, beste gai batzuei ere tokia egin behar zaie.

Albistegitik magazine formaturako aldea handia da?
Aldea dago, bai. Lehenengoz arituko naiz aurkezten. Hala ere, gaurkotasuna eta politika ere landuko ditugunez, orain artekoa mantentzeko aukera izango dut.  Baita beste ikuspegi berri batzuk lantzea ere.

Kaletik platorako saltoa egin duzu. Goiz da zer gurago duzun galdetzeko?
Orain esango nizuke albistegiak gurago ditudala (barrez). Oso gustura egon naiz. Berton, arratsaldeko txandan ikasi dut dakidan guztia. Bideoak lantzea, kalera irtetea, jendeari galdetzea... hori da gustatzen zaidana. Dena den, aukera berri hau eman didate, eta gogoz nago. Halako bertigoa ematen du beti hasieran, baina plato batean oso babestuta sentitzen zara. Orokorrean, beti dago jendez beteta; gainera, urteak daramatzaten Amaia Cayero eta Ilaski Serrano ditut lankide; biak ere profesional handiak. Halako lasaitasuna ematen du: ez zaude arriskuaren aurrean bakarrik. Eurengandik ikasteko gogoagaz nago.

Peru Magdalena ere izango duzue zuekin...
Denok ezagutzen ditugun pertsona ospetsuak gonbidatuko ditugu ‘Sinadura’ tartera: idazleak, ikasleak, kirolariak... Arantza Urretabizkaia, Unai Brea eta Peru Magdalena bera ere  izango dira bertan, besteak beste.

Estreinatu berri zarete. Herri txiki honetan ere audientzien menpe bizi zarete?
Ez diet begiratu, eta ez dakit garrantzitsuak diren ere. Guretzat garrantzitsuena produktu ona egitea da, kalitatezkoa eta jendearen gustukoa. Kate publikoa gara gu, eta gogoan izan behar dugu hori. Saio duina, polita eta gustukoa egiten ipiniko dugu arreta.

Zein da idaztea gustatuko litzaizukeen titularra?
Ez dakit (barrez). Edozein titular edo aldaketa garrantzitsu emanda hor egotea gustatuko litzaidake. Gerora,  ‘begira, momentu horretan hor egon nintzen ni’ esateko.  Euskal Herrian gauza asko gertatuko dira, eta gustatuko litzaidake  une polit eta inportante horietan, une historiko horietan egotea. Edozein aukeratuko nuke.

Telebistan agertzeak eragin du zure egunerokoan?
Ez, bizitza oso normala daramat (barrez). Normalean ez zaituzte ezagutzen. Inoiz, zerbaiten berri ematen ikusita, etorri zaizkit galdezka... baina, lasaitasun osoz. Ez gara izarrak.

‘Prentsa arrosa’ kontsumitzen nagusienetarikoak ei gara...
Bai. Dena da errespetagarria, bakoitzak gura duena kontsumitzen du. Baina, bestelako produktuak ere kontsumitzera animatuko nuke: dokumentalak, edota kulturari, musikari edo idazleei buruzko erreportajeak. Gustua hartuko lieke jendeak, eta, berehala, asko aldatuko lirateke joerak. Gauza oso probetxugarriak ateratzen dira bestelako saio batzuetatik ere.

Ez gaude ohituta informazioa euskaraz kontsumitzera?
Baliteke kalean erabiltzen ez ditugun berbak erabiltzen direlako-edo, gaztelaniara jotzea; errezagoa zaigu. Ohitu egin behar gara, eta entzunaz, barneratzea lortuko dugu. Niretzat beti izan da garrantzitsua euskaraz jardutea; erronka oso polita da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!