Berrizburun gaztetxoen BTT proba egingo dute domekan 150 bat neska-mutikogaz

Anboto 2016ko abu. 31a, 13:25
Iazko proba bateko irteera. Guztira, maila denetan 135 bat gaztetxo batu ziren.

Iaz hasitako bideari jarraipena emanez, Berriz Bizikletari Elkarteak Berrizko Eskolarteko Proba antolatuko du domeka honetan Berrizburun.

14 urtera arteko 150 bat gaztetxo batzea espero dute, iaz baino gehiago. Neskatoak eta mutikoak elkarrekin arituko dira. Horrelako probetan “gero eta neska gehiago” batzen direla azpimarratu du Joseba Arregi Berriz Bizikletari Elkarteko kideak eta “oso maila altuan” ibiltzen dira: “Eurek baino urtebete gazteagoentzako diren mailetan aritzeko aukera dute, baina gehienak adin berekoekin ibiltzen dira, eta askok aurreneko hamarren artean amaitzen dute”.

Ez da proba lehiakorra. Txirrindularitzarako zaletasuna sustatzea eta gaztetxoei bizikletan trebatzeko aukerak eskaintzea da probaren helburua. Ondorioz, garaikurrak beharrean, oroigarriak banatzen dituzte.

Benjaminetatik (2006-07 urteetan jaiotakoak) haur kategoria (2002an jaiotakoak) artekoak adinka banatuta irtengo dira. 11:00etan hasiko da lehenengo proba, eta bakoitzaren luzera desberdina izango da adinaren arabera. Horretarako, Berrizburu inguruan zirkuitu bi antolatu dituzte.

Proben ostean, gaztetxoen abilezia lantzeko ginkana bat antolatuko dute, eta ibilbide horretako zati bat Iñaki Lejarreta BTT zirkuitutik joango da.

Proba antolatzeak jende askoren lana eskatzen du, eta, alde horretatik, Zaldibarko LagunArtea elkarteko gurasoen partetik jasotako laguntza gogoratu du Orland Isoird Berrizko alkateak probaren aurkezpen ekitaldian.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!