Ia bi milioiko isuna ordaintzeko akordio batera iritsi dira udala eta Jauregizar SL

Anboto 2016ko uzt. 21a, 22:06

Berriz Susari jarritako isuna dela-eta, Berrizko Udala eta Jauregizar SL akordio batera iritsi dira. Aste honetako batzordean eta gaurko udalbatzarrean gobernu taldekoek jakitera eman dutenez, 1.823.526,84 euroko isuna ordaindu beharrean, 1.500.000 euroko ordainketa egin beharko dio udalak, epailearen arabera, 2003an kaltetuta irten zen Jauregizar SL enpresari.

Beraz, Berrizko udalak uztailean, abuztuan eta irailean 300.000, 400.000 eta 750.000 euroko ordainketak egin beharko dizkio, hurrenez hurren, Jauregizar SL enpresari.

Gobernu taldekoek aurkeztutako ordainketa planean jakitera eman dutenez, 960.000 euroko kreditua eskatuko du udalak ordainketa prozesuarekin aurrera egiteko, 2016ko inbertsioetarako udalak eskatu dezakeen gehienezko kopurua. Gobernu taldekoek jakitera eman dutenez, kreditu hau, 10 urtetan ordaindu beharko dute, eta 175.000tik 200.000 eurora bitarteko interesa edukiko luke. Beraz, Berrizko Udalak, 10 urtez, aurrekontu arruntetan 115.000 euro gutxiago izango lituzke. 

Oposizioaren erantzuna

EH Bilduko kideak haserre agertu dira, gaur, egindako udalbatzarrean, isuna herriak ordaintzea “onartezina” dela adierazi dute. Hauen hitzetan, “Gobernu taldekoek erantzuleak aurkituko zituztela esan zuten, baina, ez dute horrelakorik egin. Isuna onartu dute, eta kito, herriak ordaindu dezala”. "Gainera, oraindik barkamenik eskatu gabe jarraitzen duzue, ez duzue onartzen 2003an txarto egin zenutenik. Zerbait eskutatzen zabiltzatela ematen du, isuna ordaindu eta dena ahaztu gura duzuela. Beste behin, gestio penagarri bat egiten ari zarete", leporatu diete EH Bilduko kideek gobernu taldekoei.

Isun honek, eta ordainketa plan honek, herria zorpetuta utziko duela adierazi du EH Bilduko bozeramaileak, "herriak aurrera egiteko 22.000 euro besterik ez baititu izango gerakinetan".

PPko zinegotziak, berriz, egin den akordioa "onartzen" duela adierazi du. Hala ere, inbestigazio batzorde bat egingo zutela esan, eta horren inguruan "ezer ez" dutela egin leporatu die EAJko kideei. 

Orland Isoird alkateak, berriz, aurkeztutako ordainketa plana bideragarria dela eta beraiek hori "oso argi" dutela adierazi du. EAJko bozeramaileak, oposizioko taldeei erantzun eta aurretiaz komentatu zuten inbestigazio batzorde hori osatu behar bada eratuko dutela adierazi die. EH Bilduko kideei erantzunez, herritarren aurrean agerraldi publiko bat egingo dutela adierazi du alkateak. "Baina, lehentasunak markatu behar genituen, eta epe batzuk genituela jakinda, lehenengo gauza, ordainketa plana egitea zen", bukatu du EAJko bozeramaileak. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!