Euskarazko ekoizpenak bultzatzeko diru-laguntzak, Berrizen

Anboto 2016ko uzt. 19a, 10:25

Berrizko Udalak herrian euskara sustatu eta herritarren  euskarazko kultur ekoizpenei bultzada bat eman nahian diru-laguntzak ematen jarraituko du.

Azken bilkuran aho batez onartu dute 2014tik  indarrean duten diru-laguntzagaz jarraitu eta honen ordenantza propio bat egitea. Beraz, azken bi urteetan bezala, berriztarren euskarazko sorkuntzei laguntzen jarraituko dutela onartu dute. Herritarrek beraien musika, bertsogintza, literatur... lanak aurkeztu ondoren, udalak emandako laguntza jasotzeko aukera izango dute.

Orland Isoird alkatearen hitzetan: “Udalak euskarazko kultur ekoizpeneei laguntzeko 2.000 euro inguruko diru partida dauka. Beraz, aurkeztutako lanak baloratu, eta ondoren egingo litzateke diruaren banaketa “.

Zerbitzuak eta ikastaroak
Herriko denda eta tabernetan euskarazko errotuluak jartzen dituzten merkatari eta ostalarientzat ere diru-laguntzak   emango ditu Berrizko Udalak. Euskara hutsean jarrita dauden errotuluek diru-laguntza handiagoak izango dituztela adierazi du alkateak.

Bestalde, ikastaroak euskaraz egiten dituztenentzat ere diru partida bat egongo da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!