Tania Calvo: "Esperientzia falta amets bat betetzearen ilusioagaz konpentsatuko dut"

Anboto 2016ko eka. 28a, 09:29

Azken urte bietan egin duen gorakada harrigarria da: iazko Espainiako txapelketan irabazitako lau urrezko dominak, munduko txapelketako hirugarren postua eta Europako azpitxapelketa daude bere lorpen garantzitsuenen artean. Orain, bere lehenengo Joko Olinpikoen atarian dago. Emakumeen proba denetara sailkatzea lortu du: abiadura probara taldeka, eta Keirin eta 200 metrokora bakarka. Oraindino bere mugak bilatzen dabil, baina diploma olinpikoa buruan duela joango da Riora.

Hile eta erdi falta da Rioko Joko Olinpikoetarako. Zelan doaz preskuntza fisikoa zein mentala?
Ondo doaz. Lan fisikoari dagokionez, orain lan karga handiagoa egiten ari gara, ondoren apur bat leuntzeko eta lehiara freskoago heltzeko. Prestaketa mentalari dagokionez, ilusio handia daukat, eta ilusio hori lagungarri zaidala uste dut. Ikusiko dugu eguna hurreratu ahala zelan nagoen.

Zer helburu dituzu Joko Olinpikoetan parte hartuko duzun proba bakoitzean?
Aurreren egoteko aukerarik handienak taldekako abiadura proban ditugu. Zortzi onenen  artean, hau da, diploma olinpikoa lortzeko moduan egon gaitezkeela uste dugu. Beste bietan aurrean egotea itxaroten dut, baina edozer gertatu daiteke. Ez diot loteria bat direnik; indartsu bazaude aukera gehiago dituzu, jakina, baina buruz burukoa edo bosten kontrakoa izanik, ezustekoak gertatu daitezke. Taldekako abiaduran, berriz,  denbora markatzen duzu, eta kito.

Zu baino esperientzia handiagokoen kontra jardungo duzu. Gaztetasunari zer etekin atera ahal diozu?
Orain arte lehiatu ditugun beste hainbat konpetizioren antzekoa izango dela pentsatu gura dut. Azken batean, aurkariak betikoak dira, aurpegi berdinak izango ditut aurrez aurre, askotan aritu naiz eurekin lehian. Esperientzia falta amets bat betetzearen ilusioagaz konpentsatuko dut.  

Zeintzuk dira zure indarguneak?
Azelerazio ona duen txirrindularia naiz; hau da, abiadurarik bizienera denbora gutxian heltzeko kapaz naiz. Lehen, ondo moldatzen nintzen abiadura horri luzaroan eusten, baina orain, batez ere taldekako abiadura probari begira, beste era bateko entrenamenduak egiten ari gara. Azelerazioan gehiago zentratzen gara.

Nork esango zizun orain urte bi gaur zauden tokian egongo zinela. Gora eta gora egin duzu.
Aurreko ziklo olinpikotik kanpora geratu nintzen; hortaz, olinpiada hauetarako gogo gehiago nekarren, eta kontu gehiagogaz prestatu dut dena.

Lorpen puntualez haratago, erregulartasun fidagarria erakutsi duzu azken urte bietan.
Erregulartasuna oso garrantzitsua da, eta, askotan, lortzeko zailena ere bada. Edo ez zaude %100ean, edo kanpo faktoreek eragiten dizute, edo gaixotu egin zara…  denak eragiten du errendimenduan. Alde horretatik, zortea izan dut, eta txapelketa denetara sasoian joan naiz.

Raul Mena Eustrak Euskadiko arduradunak aipatu izan du oso zorrotza zarela zeure buruagaz. Batzuetan, lorpenak gozatzea kosta egiten zaizula.
Beti nabil zertan huts egin dudan eta zertan hobetu dezakedan pentsatzen. Hori egia da. Kirolari batek etengabe autoebaluatzen egon behar duela uste dut. Ingurukoek lagundu egingo dizute, baina norbere burua norberak ezagutzen du ondoen.

Hala ere, oraindik zure gaitasun fisikoak garatzen ari zara. Zure ahalmenaren gorena hurrengo Joko Olinpikoetan etorri daiteke?
Hori uste dut. Profesionaletan nagoenetik, urterik urte hobeto sentitu naiz, sasoi hobean. Oraindik, hobetzeko tartea badudala uste dut, eta hemendik lau urtera nire gaitasun gorenetik gertuago egongo naiz, beharbada.

Zure ibilbideko askotariko lorpenetatik badago baten bat zuretzat esanahi berezia izan duena?
Lorpen denak dira pozgarriak, baina, beharbada, Europako azpitxapelketa bereziki pozgarria izan zitzaidan, ez nuelako espero. Sailkatze proban bosgarren denborarik onena markatzetik nentorren. Batzuetan, norbera eta besteak sasoiko dauden ala ez kalkulatu dezakezu, baina txapelketa hura uda osteko lehenengoa zen, eta ez geneukan elkarren berririk. Ustekabekoa izan zen.

Eta iaz Espainiako txapelketan lortutako lau urrezko dominei buruz zer diozu?
Espainiako txapelketan Helena Casasen eta bion artean egoten dira dominak. Ez nuen egun txarrik izan, indartsu nindoan, eta lau urreak irabaztea lortu nuen.

Normalean zure arerio nagusia den Casas taldekide izango duzu Rioko abiadura proban. Elkarrekin entrenatzen zarete?
Espainiako selekzioagaz egiten ditugun kontzentrazioetan elkarregaz entrenatzen gara, bai. Bestela, bera Madrilen entrenatzen da, eta ni Mallorcan. Bakoitzak bere kontura egin dezakegun lana da.  

Mallorcan errendimendu handiko zentroa dago, eta han bizi zara gaur egun. Gasteiz hotzetik Mallorca berora ohitzea kosta egiten da?
2010etik bizi naiz han. Hara egokituta nago, baina hasieran kostatu egin zitzaidan, bai. Gasteizen hotz handia egiten du, eta lehorra da; Mallorca, aldiz, beroa eta hezetasun handikoa. Hasiera ez zen erraza izan.

Berrizko belodromoan askotan jardun duzu?
Bai, etxera itzultzen naizen bakoitzean Berrizko belodromora joaten saiatzen naiz. Pista gogorra du. Zementuak heldu egiten du bizikletari, eta aurrera egitea kosta egiten da sarritan. Egia esanda, gustatzen zaidan belodromoa da. Beti ez gara pista samurretan ibiliko, ezta?

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!