Dena prest, ekainaren 28an Berrizko jaietan murgiltzeko

Anboto 2016ko eka. 22a, 13:14

Pregoi txikiak (17:00etan), eta Xabier Amurizaren pregoiak eta txupinazoak (19:00etan), hasiko dituzte, ekainaren 28an, Berrizko jaiak. Uztailaren 3ra arte, Silvia Biellak egindako kartelak islatzen duen bezala, deneriko ekintzak gozatzeko aukera izango da, Berrizko jaietan. Egitaraua aurkeztu du, Jai Batzordeak, gaur.

Udalaren eta Jai Batzordearen ordezkariek eman dituzte, gaur, egitarauaren inguruko azalpenak. Besteak beste, azaldu dute, Jai Batzordeak aho batez erabaki duela pregoia irakurri eta txupina botatzeko Xabier Amuriza aukeratzea. Bestalde, aurreko urteetan bezala, jaiak parekideak izan daitezen eta euskaraz bizi ditzaten aldarria egin die jai batzordeak berriztarrei. Ezetza ezetza da! lemagaz, jai guneetan eskura izango diren pultserak janztera gonbidatu dituzte berriztarrak.

Azken urteetan ohitura den bezala, zapatua (uztailaren 2a) izango da Elizondo inguruan jai giroa gehien zabalduko den eguna. Kuadrilen Eguna ospatuko dute, eta berriztar gehien hartzen dituzten jaietako hitzorduetan elkartuko dira. Udaletxeko lorategian, lagunartean paella lehiaketan parte hartu eta bazkaltzera elkartuko dira milatik gora berriztar. Barikura arteko epea dago izena emateko, eta 1.200 lagun apuntatu dira, dagoeneko. Bazkalostean, parte hartze oso handikoak izaten diren mus, tute eta briska lehiaketak egingo dituzte, udaletxeko lorategian.

Ohi bezala, Txosnagunean ere bazkaltzera elkartuko dira gazte berriztarrak. Mozorrotu egingo dira egun horretan gazteak, eta herrian zehar kalejiran eta poteoan ibiliko dira arratsaldeko Kuadrilen Jaitsieran.  Ondoren, 21:00etan, mozorro lehiaketaren sari banaketa egingo dute.

Dantzari Dantza berritzen

Jaietako tradizio handiko ekitaldia den Dantzari Dantza berritzeko, herriko bi dantza taldeetako kideak azken urte terdian lanean jardun direla azaldu dute gaurko agerraldian. Dantzari Dantzan aritzeko baldintzak aldatzea adostu dute San Lorentzo eta Iremiñe dantza taldeek. Orain arte, ezkongabeak izan behar zuten jaietan dantzan egiten zutenak, eta gizonezkoak izan dira orain arte, guztiak. Dantza talde bien erabakiz, aurrerantzean, urtean zehar plazaz plaza ibiltzen diren dantzari guztiek edukiko dute aukera jaietan arituko den zortzikotean parte hartzeko. Erabaki horrek bidea zabalduko du urtean zehar dantzan diharduten emakumeek jaietan plazan ere aritu ahal izateko.

Kontzertuak, egunero

Adin guztiei zuzenduriko askotariko kirol jardueretan parte hartzeko aukera bezala, askotariko kultur emanaldiez gozatzekoa ere eskaintzen du Berrizko jaietako egitarauak. Kohatu, Nada eta Monkday taldeena izango da Berrizko jaietan izango diren musika emanaldietan lehenengoa. Txosnagunean arituko dira ekainaren 28an, txupinazoaren egunean, 23:00etan. Herriko taldea da Kohatu, Platerueneko Durangaldeko lehenengo maketa lahiaketa irabazi zuen laukotea.

Askotarikoa da Berrizko Jai Batzordeak antolatu duen jaietako musika kartela, eta Kalakan iparraldeko hirukotearena da apusturik handiena. Ekainaren 29an arituko da Kalakan, Elizondo plazan. Euskal kantagintzako errepertorio tradizionaleko kanten interpretazio bereziak eskainiko dituzte.

Musikazaleek egunero edukiko dute zuzeneko musikagaz gozatzeko aukera Berrizko jaietan. Uztailaren 1ean, esaterako, 2014an Gaztea Maketa lehiaketaren entzuleen saria jaso zuen Kometa, Rural Zombies eta El Txef A proiektua izango dira zuzenean entzungai. Hurrengo egunean, uztailaren 2an, Gudaize, Nevadah eta Danny Meip & Victor Zelden DJen txanda izango da.

Durangaldeko Storm eta The Ladies madrildarrak arituko dira jaietako azken egunean,. Txosnagunean joko du Storm taldeak, 22:00etan; eta Elizondo plazan, 23:15ean, The Ladies madrildarrek. Jaiak rock & rolla dantzatuz agurtzera gonbidatuko dituzte berriztarrak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!