Odei Arrizabalaga: "Lan merkatura irten zen emakumea, baina, krisia dela-eta etxera itzuli da"

Anboto 2016ko mai. 10a, 09:01

‘Berrizko udalerrian lan-merkatuarekiko emakumeen egoera eta posizioari buruzko diagnostikoa’ landu du Berrizko Udalak, Berdintasunaren 4. Planaren barruan. Horretarako, Emakunderen diru-laguntza jaso du. Zabaltzen-Sartu elkarteak eta Equipare kooperatiba txikiak landu dute azterketa.

Horretarako, Lanbidek, Behargintzak eta Zabaltzen-Sartuk jasotako datuak erabili dituzte; elkarrizketak ere egin dituzte Urkiola Landa Garapena Elkarteko, Berrizko Merkatari Elkarteko eta Gure Izarrak emakume elkarteko ordezkariekin.

2015eko datuak dira jaso dituzuenak. Zeintzuk dira islatutako ondorio nagusiak?
Emakume enplegu-eskatzaileen artean, %50ek oinarrizko formazioa baino ez duela esan daiteke, batetik; datu garrantzitsua da hori. Bestetik, okupazioaren banaketa agerikoa da: lana duten emakumeak ez daude era berdinean lanbide eta okupazio guztietan. Oso nabarmen banatzen dira emakumeentzat eta gizonentzat diren lanak. Datuak oso adierazgarriak dira: ostalaritzan, zerbitzuetan, umeak edo adinekoak zaintzen... lan egiten dute emakumeek; eta lan mota hori eskatzen dute.

Horiek dira lan bila dabiltzan emakumeek eskatutakoak?
Bai. Kulturala ere bada. Estereotipoak, rolak, oso  markatuta daude; emakumeek eta gizonek zein lan mota egin behar duten oso markatuta dago. Lana topatzerakoan ere, eta jakinda errazago izango dutela, normalean lan mota horiek eskatzen dituzte emakumeek. Zaintzan, adibidez. Guk ez dugu lanik ematen, ez dugu hori kudeatzen, baina, zaintzarako lanen baten berri badugu, abisua emateko esanez etortzen zaizkigu. Denak emakumeak dira, ez dago gizonik.

Formazioagaz dago lotuta?
Bai. Elkarlotuta daude ondorio guztiak. Badago beste ondorio bat, Espainian jaso duten arren, Euskal Autonomia Erkidegora, Bizkaira zein Berrizera estrapolatu daitekeena: lana topatzerako orduan, edo horretarako formazioa jasotzerakoan, emakumeentzat traba izaten da seme-alaben zaintza edo etxearen kargu egotea. Dena dago lotuta. Etxean hasten da dena: etxeko lanen banaketak guztiz baldintzatzen du andrek formakuntza jasotzeko edo etxetik kanpo lana aurkitzeko dituzten aukerak.

Etxean bizitakoaren  isla da lan mundua?
Hori erakusten dute datuek. Lanik ez aurkitzeko arrazoiak desberdinak dira gizonen eta  emakumeen artean. Norbera edo senitartekoak zaintzeko erantzukizuna  aipatzen dute emakumeen %19,26k (gizonen %1,68k); haur eta heldu gaixoak, minusbaliatuak edo adinduak zaindu beharra  %7,05ek (gizonen %0,52k). Horren aurrean, gizonen %47,70ek (andren %19,39k) erretiroa du lanik ez izateko arrazoia; %25,62k (andren %18,42k) ikasketak egiten edo prestakuntza jasotzen egotea. Bakoitzaren rolak zeintzuk diren argi ageri da.

Langabezia-tasan ere agerikoa da desberdintasun hori?
Emakumeen jarduera-tasa —lanean eta lan bila daudenak—baxua da Berrizen: %43,41ekoa zen hori 2011n. Langabezia-tasari dagokionez, 2015eko tasa 2011koaren mailara iritsi da: %13,5era heldu da. 2015ean, langabezia-tasa gizonezkoena baino 4,3 puntu altuagoa zen; %9,2an kokatzen zen gizonena (2011n, %11 ziren). Emakumeen artean, behin-behinekotasun tasa ere nahiko altua da. Emakumeen langabezia-tasa beti izan da altua, eta horrela mantendu da. Gizonen kasuan, zerbait bajatu da. Horren eraginez, bien arteko aldea handitu egin da.

Zein izan da diagnosi honen helburua?
Egoeraren argazki bat atera gura izan dugu. Datuak bildu ditugu, eta zenbait ondorio atera ditugu. Orain, ekintza plana jarri gura dugu martxan. Fase horretan gaude. Egoera zelan hobetu aztertu beharko dugu. Horretarako, diagnosia erakutsi gura diegu herritarrei, eta bildutako datuen inguruan euren iritzia eskatu. Herritarren ekarpenak jaso gura ditugu, ‘feed-back’ hori sortu, guztia diagnosian batzeko.

Nolakoa da argazki hori?
Orokorrean gertatzen dabilena islatzen da Berrizen ere. Egoera ez da ona inorentzat. Krisi ekonomikoa bizi dugu. Hala ere, krisiak emakumeek lan munduan bizitako egoera areagotu du —langabezia, lan-baldintza eskasagoak, soldata baxuagoak, edota formazio baxua­—. Lan merkatura irten zen emakumea, baina, krisiaren eraginez, berriro itzuli da etxera. Indartu egin da etxean geratzen den emakumearen figura (etxearen kargu, seme-alabak edo senideak zaintzeko), gizona etxetik kanpo lanera doan bitartean.

Diagnosiak jasotako daturen batek harritu zaitu?
Lana eskatzen duten emakumeen %50ek oinarrizko formazioa baino ez izatea. Horrek harritu nau. Datu garrantzitsua da, lana topatzerako orduan ere klabea da-eta formazioa ez izatea. Beste profil bateko emakumeak izango zirela uste nuen.

Zer egin beharko litzateke datu horiei buelta emateko?
Erantzunkidetasunean eragin behar dela uste dut. Etxeko ardurak banatu behar dira. Gizonenak zein emakumeenak dira bai etxeko ardurak bai kalekoak. Umeak ere bien ardura dira, eta zainketan biek hartu behar dute parte. Gizonek zein emakumeek dute etxetik kanpo lan egiteko eskubidea.  Horretaz guztiaz kontzientziatu behar da herritargoa. Lan munduan ere, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko ere egin beharko litzateke lan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!