1.823.525 euroko isunari egin beharko dio aurre Berrizko Udalak

Anboto 2016ko mai. 9a, 15:16

Udalaren Berriz Susa hirigintza-sozietateak 2003an egindako esleipen baten ondorioz 1.823.525 euroko zigorra ordaindu beharko du Berrizko Udalak. Bilboko Administrazioarekiko Auzien 3.zenbakiko epaitegiak udala arduradun subsidiarioa dela ebatzi du.

2003an etxebizitzak eraikitzea helburu zuen udal sozietateak, Susa SAk, Abaroa SA konstruktorari 3,2 milioi euroko lan batzuk esleitu zizkion. Baina, Abaroa SA ez zen esleipen horren lehian egon zen bakarra izan, Jauregizar SAk ere lan hori berarentzat nahi zuen.

Bigarren honek, Jauregizar SAk, prozesua irregulartasunez beteta zegoela ikusi eta helegitea jarri zuen Susa SAren kontra, hau da, Berrizko Udalaren kontra.

Urteetako borrokaren ostean, eta 2014an epaitegietan gaia hainbatetan irten ondoren, Jauregizar SA enpresari esleipena zegokiola azaldu da. Bizkaiko EH Bilduk jakitera eman duenez, sententzia honek Berrizko Udala kondenatzen du Susa SA enpresak hartutako erabakien erantzule subsidiario bezala.

Gainera, EH Bildukoek gaineratu dute, erabakiak hartu zituzten kideek (egungo alkatea den Roland Isoird eta EAJko zinegotzi den Alex Perez de San Roman, besteak beste) egindako irregulartasunak ordaindu beharrean berriztar guztiek ordaindu beharko dituztela.

Bizkaiko EH Bilduko kideek prentsa oharrean azaldu dutenez, diru kopuru horri epaitegietan gastatutako 23.057,19 euroak gehitu behar zaizkio. Beraz, udalak urteko aurrekontu osoaren herena beharko du 2003an esleitu zuen lan horren sententziari aurre egiteko.

Hau horrela geratu ez dadin, eta berriztarrengan honek "eragin zuzenik" eduki ez dezan, EH Bildukoek herritarrekin batera "lan" egingo dutela adierazi dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!