Ruper Ordorika Andikoako Asentzio jaietan

Anboto 2016ko mai. 6a, 13:50

Zapatu iluntzean Donien Atxa jasota emango diote hasiera Asentzio jaiei. Ostean, 20:00etan, Ruper Ordorikak kontzertua emango du Andikoako elizan.

Domekarako egitarau oparoa antolatu dute Berrizko Andikoa auzoan. 10:00etan bertako ganadu erakusketa egingo dute, eta 11:00etan meza nagusia egongo da. Mezaren ostean, herriko Iremiñe taldeko dantzariek dantzaldia  eskainiko dute.

Dantzarien ostean, 12:00 inguruan, Xabier Amurizak gidatuta, beheko zelaietatik basorako bidea hartuko duten artaldeei ongi etorria egingo diete bertsoen bidez Miren Amurizak eta Berrizko Bertso Eskolako bertsolariek.

Arratsalderako, berriz, ikuskizun berezia antolatu dute. Pastorienako behorrak karroarekin atzeraka eta Aldaperen astoak aurreraka elkarren kontra egin beharko dute.

Asentzio eguna bukatzeko,  bolo txapelketa antolatu dute, eta bertan, edozeinek izango du aukera parte hartzeko.

Jaiak maiatzaren 14an amaituko dira, hurrengo zapatuan, auzotarren urteroko afariarekin. Aurreko urteetan lez, trikitilari eta bertsolariek girotuko dute jaietako azken eguneko afaria.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!