Euskotrenek Zaldibar eta Berrizko tarifa berriak baliogabetuko ditu

Anboto 2016ko api. 20a, 17:32
Joan zen barikuan berriztarrek egin zuten protesta ekitaldiko irudia.

Berrizko alkatetzatik jakinarazi dutenez, Euskotrenek berriro ere 4. Zonaldean sailkatu ditu Berriz eta Zaldibar. Ondorioz, igoeraren aurreko prezioetara itzuliko dira.

Gaur bertan Berriz eta Zaldibarko alkateak Bizkaiko Garraio Patzuergoarekin batzartu dira. Bertan herri bietako kasuaren berri eman diote eta “Garraio Patzuergoak, Berriz eta Zaldibar udalerrien kasua aztertzeko konpromisoa hartu du”, Berrizko udaleko prentsa ohar batek jasotzen duenez.

Gertakizun honen aurrean eta hitzordu bat eskatzeko asmoarekin, Berrizko alkatetzak Euskotreneko zuzendaritzarekin berba egin du telefonoz eta “Patzuergoak tarifa integrazioa aztertzen duen bitartean, Berriz eta Zaldibar 4. zonaldean mantentzeko eskatu zaio, erabiltzaileei tarifa igoerarik aplikatu gabe”.

Zentzu honetan, eta egoera argitu ostean, “Euskotrenek Berriz eta Zaldibar 4. zonaldean mantentzea erabaki du, aurreko tarifa ezarriz”. Horrela, “hainbeste hizketaldi izan ostean, gure aldetik Euskotren zoriondu nahi dugu, bere elkarlana eskertuz. Oso albiste ona da Berriz eta Zaldibarko erabiltzaileentzat, baita Durangaldeko herritar guztientzat”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!