Berrizen, eskoletako jantokien alternatibak ezagutzeko hitzaldia antolatu dute astelehenerako

Anboto 2016ko ots. 13a, 10:00

Eskolako jantokietako kudeaketa ereduak ezagutzeko, mahai-ingurua antolatu du Berrizko Oka kultur elkarteak. Bazkariak kanpoko katering zerbitzu baten bidez egiten dira eskola gehienetan, baina eskola batzuetan badabiltza jantokien bidez tokiko nekazaritza eta produktuak bultzatzen. Eredu horiek ezagutzeko asmoz antolatu dute solasaldia astelehenerako: 18:00etan, kultur etxean izango da.

Hiru pertsona gonbidatu dituzte mahai-ingurura. Hizlarietako bat Uxue Arbe da, eta berak EAEko eskola publikoetako jantokiei buruzko ikerketa bat egin du. Arbek eskola askotako ereduak ezagutzen ditu, eta ikuspegi orokorra emango du. Berarekin batera, Larrabetzuko eskolako jantokiko arduraduna eta Urduñako udal sukalde kolektiboko arduraduna izango dira berbaldian. Larrabetzun, guraso elkartearen esku dago jantokiaren kudeaketa, eta Urduñan hori lortzeko bidean dira; herriko ekoizleen eta merkatarien produktuak erosten dituzte, eta, ondoren, eskolan prestatzen dute bazkaria.

Oka kultur elkartetik azaldu dutenez, gonbidatu bakoitzak aurkezpen labur bat egingo du, eta, ostean, galderak egiteko tartea izango dute bertaratzen direnek.  Beste herrietako esperientziak ezagututa, Berrizen ere gogoeta egitea da elkarteko kideen helburua. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!